Presoekiko elkartasuna adierazteagatik epaituko dute azpeitiar bat Espainiako Auzitegi Nazionalean

Erabiltzailearen aurpegia Ezker Abertzalea 2012ko eka. 22a, 13:07

Datorren asteartean epaituko dute Aritz Arzallus herritarra, joan den urteko saninazioetan presoen eskubideen aldeko pankarta bat jartzeagatik.

Joan den urteko saninazioetan presoen eskubideen aldeko pankarta bat jartzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute datorren asteartean, hilak 26, Aritz Arzallus herritarra. Urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamar urteko inabilitazioa eskatzen dizkiote.

Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeagatik "terrorismoa gorestea" leporatzen diote. 2011ko urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen eta asteartean, epaiketa egingo da. Hori guztia, Ertzaintzak San Inazio jaien harira egindako txosten baten ondorioz gertatu da.

Azpeitiko ezker abertzaleak gogor salatu nahi du erasoa eta gure elkartasun beroena adierazi nahi diogu Aritz Arzallusi.

Gure iritziz, ez da batere ulergarria Euskal Herrian eszenatoki berri bat eraikitzen ari garen honetan, herritarrek eraso hauek jasatea, hauek zaharkitutako ilegalizazio politikaren ondorio dira. Egun Euskal Herrian bizi dugun itxaropen aro berri honen aurrean, honelako gertakariak lekuz kanpo daudela uste dugu, eta herri honen gehiengoaren nahiaren aurka doaz.

Etxetik urrun dauden herritarrenganako elkartasuna ez da delitua. Kolosalean eta elkartasun egunean ehunka azpeitiarrek eskaera bera egin zuten. Horrelako zigorrekin eta isunekin ez dute eragotziko euskal presoen inguruan egiten den lana. Orain da garaia, inoiz baino gehiago, presoen eskubideen alde kalera ateratzeko. Traba guztien gainetik, euskal presoen eskubideak bermatuak izango diren ekimenetan parte hartzen eta horiek bultzatzen jarraitu behar dugu, guztiak etxean izan arte.

Horren aurrean, epaiketaren bidegabekeria salatzeko eta Arzallusi elkartasuna adierazteko antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei.