Alternatiba sozioekonomikoaz mahai ingurua

Erabiltzailearen aurpegia Ezker Abertzalea 2012ko eka. 12a, 12:48
Zenbait alderdi eta eragiletako kideek hitzaldian parte hartzeko deia egin zuten ostiralean.

Gaur, asteartea, izango da, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.

Pasa den maiatzaren 1an Ezker Abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak Hego Euskal Herrirako proposamen sozio-ekonomiko berria plazaratu genuen. Gaur egun pairatzen ari garen krisiaren jatorria zehatz-mehatz aztertzen da, eta Euskal Herriko gaurko egoeratik abiatuta, bestelako eredu sozio-ekonomiko bat proposatzen du.

Dokumentua hau jadanik errealitatea den lau alderdien arteko aliantza estrategikoaren programa sozio-ekonomikoa da, eta instituzioetan, kalean eta hauteskundeetan egin beharreko proposamen guztien oinarria izan nahi du. Hala ere, proposamena denez, eragileen eta herritarren ekarpenei irekita dago; eskualdeko eragile eta herritarrei aurkeztu eta beraien iritziak jasotzera goaz.

Bizitzen ari garen krisia ez da ohikoa. Krisi ekonomikoaz gain, soziala eta ekologikoa ere bada. Krisi sistemiko baten aurrean gaude. Sistema bera da krisian dagoena. Egoera honetara ekarri gaituzten berberak dira krisiaren aitzakipean urteetako borrokaren bidez lorturiko eskubide sozial eta laboralak ezabatu eta ongizatearen estatua desegin nahi dutenak. Hori gutxi balitz, herri bezala dagozkigun eskubideen ukazioan eta estatu eredu zentralizatzailean sakontzen ari dira.

Baina krisi honetarako irtenbidea badago. Euskal Herriak erakutsi du badela masa kritiko sozial nahikoa egoera hau iraultzeko. Baina horretarako alternatiba landu beharra dago, eta horretara dator eraldaketa soziala eta burujabetza oinarri eta helburu dituen Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalearen Proposamen Sozioekonomikoa.

Gure eskualdean, jendaurrean, asteartean aurkeztuko dugu Sanagustin kulturgunean, 19:00tan, egingo dugun mahai-inguru baten bitartez.

Herritarrak eta eragile guztiak gonbidatzen ditugu hitzaldian parte hartzeko.