Bide horretan aurrera goaz, eta ez gaitu ezerk geldituko

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Etxeberria eta Leire Goenaga (Azpeitiko ezker abertzalearen izenean) 2012ko mai. 10a, 14:30

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta ezker abertzaleko kideen kontra Espainiako Auzitegi Gorenak sei urte eta erdi eta sei urteko kartzela zigorra berretsi berri du.

Onartezina, eta batez ere guztiz ulertezina da jakitera emandako zigorra. Sententzia honek sumindura sortzen du Euskal Herrian. Euskal jendartean gehiengo zabalak, ia erabatekoak, ez du ulertzen sententzia hau, ezta nazioarteko hainbat instantzia juridikok eta politikok ere. Euskal Herrian behin betiko konponbide demokratikorako prozesua abian delarik, Bateragune auziko kideen kontra modu honetako zigorra etortzea bakea eta prozesuaren aurkako eraso larria da.

Egoera berri honen sustapenean jardun izana zigortu du Espainiako estatuak. Abian den konponbide prozesua bera zigortu nahi izan du. Mina eragiten du erabakiak, bai, baina beste ezeren gainetik, estatuaren ezintasun ikaragarriaren erakusle da. Indarkeria politikoa darabil bere eskaintza eza estaltzeko, eta Euskal Herriaren kasuan proiektu guztien eztabaida aske eta demokratikoari dioten benetako beldurra estali nahi du.

Baldintza berriak sortu dira Euskal Herrian, herri gisa dagozkigun eskubideak onartuak eta errespetatuak izan daitezen. Sententzia honek bide honetan eta prozesuan sakontzeko beharra erakusten digu, gehiengo hori politikoki artikulatu eta herri gisa aurrera egiteko, ez baitago sententziarik herri indar hori geraraziko duenik. Ezker Abertzaleak ez dio bide honetan herri honi huts egingo. Eta inongo atxiloketa, epaiketa edota sententziarik ez gaitu bidetik aterako.

Erantzunak beraz, tamaina berekoa izan behar du: errepresioari eta ukazioari herri gisa dagokigun demokraziaren bidean sakonduz erantzun behar diogu eta horrek indarren batasuna eskatzen du, herri bezala erantzutea Madrili, sententziaren ankerkeriari eta boikot saiakera guztien aurretik aurrera doan herria bilduz erantzun behar zaio. Bide horretan aurrera goaz, eta ez gaitu ezerk geldituko.

Azkenik, egunotan burutuko diren mobilizazioei bere babesa adierazi nahi die Azpeitiko Ezker Abertzaleak, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu Azpeitko herritar guztiei.