Desinformazioa, mozorrotutako albiste faltsuak

Aitor Larrañaga biologo eta EHUko irakasleak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aurrerapenak etengabe gertatzen dira alor guztietan; duela hiru urteko sakelako telefonoa zaharra da gaur, eta etengabe garatzen dira gaitzei aurre egiteko bide berriak. Informazioa zabaltzeko moduak ere gero eta gehiago eta eraginkorragoak ditugu, eta horrek arazo berri bat sortu du: desinformazioa ugaritzea. Erdi egia edo guztiz gezurra den berri bat sortzea eta profesional itxura ematea oso erraza da gaur egun. Eskuko telefonoarekin, gainera, berri horiek aitaren batean zabaltzen dira, eta izugarrizko oihartzuna izatera irits daitezke denbora gutxian. Nola jakin, ordea, zer den egia eta zer den gezurra? Formula magikorik ez dago, baina badira gure kontaktu guztiei berria zabaltzea erabaki aurretik hartu ditzakegun zenbait neurri.

  • Iturrira joan
    Albiste berri bat jasotzen dugunean, iturriak aipatzen dira ia beti. Joan iturri horietara eta ikusi ea benetan albistean esaten den gauza bera ageri den. Intentzio txarrik gabe egindako hitzen aukeraketa desegokiak konnotazio oso ezberdina eman diezaioke albisteari testuingurutik ateratzen bada. Intentzio txarrarekin dabilenak, berriz, hitz gutxi batzuk aldatzearekin asko alda dezake albistea jatorrizko informaziotik.
  • Iturriaren fidagarritasuna baloratu
    Aldizkari edo iturri bakoitzak fidagarritasun maila ezberdina dauka. Egunkari handi batek gehiago jartzen du jokoan gezurra den berri bat argitaratzen badu, egunkari txiki batek baino. Aldizkari zientifikoen kasuan ere ranking argi bat egoten da, eta prestigio handienekoetan argitaratuak berme handiagoa izan ohi du. Aldizkari zientifiko txikietan ebidentzia ez hain indartsuekin defendatzen diren jarrerak ikustea errazagoa da.
  •  Nork esan duen ikusi
    Zein da informazio hori zabaldu duen pertsonaren formakuntza? Esperientziarik ba al du gai horiei buruz? Oso pertsona ezberdinak gara guztiok, eta batzuek orokortzera salto egiten dute oso pista gutxirekin; aldiz, beste batzuk ez dira ausartzen ezer baieztatzera edo ezeztatzera ebidentzia garbiak pilatu arte. 
  •  Hobetsi azalpen sinpleak
     Errealitatea konplexua da, baina gertaera ezberdinen arteko erlazioa azaltzeko orduan gehiago konplikatzeko joera izan ohi dugu. Egia da prozesu batzuk oso mekanismo nahasien bitartez bakarrik azaldu daitezkeela, baina fenomeno baten gertaera azaltzeko orduan aukeran azalpen sinple bat eta konplikatu bat baditugu, lehenaren alde egitea da zentzuzkoena, bigarrenaren ebidentzia sendoak ikusi arte.
  •  Kontuz emozionalki erregistratzeko moduko notizia bada
    Oso gertutik ukitzen gaituen gai bat bada, errazago utziko diegu sentimenduei menpera gaitzaten eta errazago onartuko dugu gezurra den albiste bat. Galdetu zeure buruari: "Aurretik buruan neukan eskemara ekarri dut albiste hau, edo lehenik albistea ulertu eta nire eskemarekin bat egiten duen edo ez kontrastatu dut?". Ohikoa da gure ideien alde egiten duten berriak onartzea eta kontra egiten dutenak gogor kritikatzea.

Hori guztia eginda ere ziria sartuko digute, ez zalantzarik izan, horretan lan handia egiten ari dira batzuk eta. Bestalde, ezin dugu ikerketa sakon bat egin jasotzen dugun berri bakoitzarekin, baina tarteka edo polemikoak diren berriekin horrelakoak egiteak begiak irekiko lizkiguke desinformazioaren inguruan. Eta gertukoekin eztabaida biziak izatea saihestuko genuke, gainera, ziurrenik...

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide