Antzerkiak herria hartu duenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Olaizola 2015ko aza. 23a, 10:57

Bukatu dira aurtengoak, XXXIII. Euskal Antzerki Topaketak, alegia. EHAZEk (Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea) Pedro Otaegiri egin zion omenaldiarekin eman genien hasiera, eta zarzuela batekin bukatu. 

Tartean, denetik ikusteko eta gozatzeko aukera izan dugu. Bai Soreasun, bai Gaztetxean, eta baita udaletxeko ganbaran ere. Kaleak ere hartu dituzte HEAZEkoek Antzerkizale Egunarekin, haurrak eta gazteak herria koloreztatzera animatuz.

Herriko pailazoek euren lan berria estreinatzeko aukera izan dute Sanagustin kulturgunean, eta txotxongiloak izan ditugu Betharram aretoan. Haurrek eta gazteek izan dute euren parada Soreasun, ehunka lagunen aurrean beren fruituak erakusteko.

Ez naiz hemen hasiko ikusitakoen artean zeinekin geratzen naizen aipatzen. Izan ere, "eder edo itsusi, zein begik ikusi". Barre egiteko aukera egon da, barrura begiratzekoa, herritarrak lanean ikustekoa, bailarakoak zein urrutiagokoak. Zorionak denoi.

Edizio bikaina izan denaren inpresioaren geratzen naiz. Beti dago zer hobetu, eta datorren ediziotan hori kontuan hartuko delakoan nago, baina urtetik urtera gero eta topaketa hobeagoak ditugunaren ustea dut.

Herriak, betiko moduan, fin erantzun du aurtengo edizioan ere. Ikuslerik ez da falta izan, oholtza gainean bere urduritasun guztiak agerian jarri behar dituen aktoreak zinez eskertzen duena. Gaztetxea leku garrantzitsua bilakatu da topaketen barruan urteen poderioz. Giro jatorrean ipintxo begetarianoak jan eta zintzo asko antzerkia ikusten. Jendez lepo. Pozgarria benetan.

Oholtzaberri gunea... Soreasuko saioak ikusi ostean, aktore zein ikusle elkarrekin egoteko txoko perfektua. Aurten eman zaio hasiera ekimen horri, eta txalotzekoa da benetan. Ikuskizuna bukatu ostean iritziak, inpresioak... elkartrukatzeko sekulako espazioa. Urtetik urtera indarra hartzen joango den lekua delakoan nago. Itxura ona hartzen diot.

Itxura hartzen diot honi guztiari. Azaroan, antzerkia herriaz jabetzen ari denaren inpresio txiki hori geratu zait, bai. Gustatuko litzaidake urtetik urtera inpresio txikia handi bilakatzea, benetako egia bihurtzea. Gero eta eragile gehiagok hartzen dute parte topaketen antolaketan, dela modu batean ala bestean, eta guztion elkarlanean egongo da berriro ere gakoa, seguru.

Topaketek aspaldi ekin zioten bideari, eta badoaz aurrera, hobekuntza nabarmenekin urtetik urtera. Orain, eta bukatzeko, azken galdera hauxe: Zergatik ez mantendu, urtean zehar antolatzen diren gainontzeko antzerki saioetan, topaketetan eduki dugun jarrera aktibo bera? Antzerkia biziko bada, egileak eta ikusleak eskutik emanda joan behar... eta urtea, azaroa baino askoz ere gehiago da. On egin deizuela orain artekoak, eta datorrenak!