Merezitako omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Olaizola 2015ko urr. 23a, 13:32

Larunbat honetan Pedro Otaegi omenduko du Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE). Goenkaleko Eusebio, Elizkaleko Pedrito.

Badira urteak, EHAZEk bere egoitza Azpeitian, Enparan Dorretxean, jarri zuenetik. Urtero ospatu ohi du elkarteak EHAZE Eguna, eta aurten herrian, antzerkizalea den gure herri honetan, azaroaren 24an, egingo da jai nagusia.

Herritar eta antzerkizale moduan, ohorea da Pedro izatea gure lekuko larunbat honetan. Antxieta antzerki taldean ezagutu nuen, duela hogeitaka urte. Aspaldi, hain aspaldi ere... eta ordurako makina bat lan egindakoa zen gizona.

Talde-gizona zela dudarik ez dut, laguntzeko beti prest, behar zenean hor zegoen horietakoa. Aktore moduan, mila bertute. Pertsona gisa, urrea. Hitz txar bat ez, animoak baino ez, eta gazteak ginenontzako eredu. Babesa eskaintzen zigun orduan, eta baita orain oholtzatik kanpo ere.

Teatroan sinesten zuelako, duelako, zorionak Pedro! Ondo merezitako omenaldia jasoko duzu larunbatean herrian, zureen artean. Badakizu ez naizela bertan egongo, eta pena ederra daukat, baina teatro kontuek badakizu, gaur hemen eta bihar han... Baina "han" hartan presente izango zaitut, etzazula dudarik egin!

Antzerkizalearen gogoeta duzue nirea. Babestu zaitzatela larunbatean gainontzeko zale eta lagunek, merezita duenaren ohorea izango baita zurea, adiskide.

Gozatu egunaz, Pedro, eta segi halakoxe pertsonaia ederrak eskaintzen guri! Segi halakoxe pertsona bikaina izaten!