Zain

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Olaizola 2013ko mai. 17a, 18:55

Ikasi egin behar da, zain egoten, alegia. Ez da nonbait zerbait naturala, ez behintzat gaur egun. Oinez ibiltzen, hitz egiten, jaten... ikasten dugun moduan, zain egoten ere ikasi egin behar...

Zain egote eta egoteak daude, dena dela. Esaterako, marrubi batzuk erostera dendara sartu eta ordaintzeko ilara luzea egitea nekeza da gero, kutxan ordaintzen ari dena zentimoak kontatzen ari bada behintzat. Bere dirua da, ordea, bere denbora, bere txanda, eta berak baino ezin du denbora hori kudeatu. Besteok zain egon behar, eta ez dago besterik.

Medikuarengana joandakoan ere zain egotea bizitza beraren parte dela esan dezakegu. Urduri jartzen gaituen egoera delakoan nago... Zain egoteagatik eztarriko mina areagotuko balitz bezala, ipurdi masailean atera zaigun granoa desagertu, eta medikuaren aurrean barregarri gelditzera behartuak egongo bagina bezala... Hasperenak eta arnas hotsak han eta hemen: "Nor da azkena? Zein ordutan zenuen txanda?". Eta betiko komentarioak: "Barruan dagoenak ordu erdi darama jada". "Bai, pazientziarekin etorri behar hona, ez dago besterik". "Ez ote du behintzat ezer larririk izango...". Kontsulta barruan ordu erdi pasatu duena ateratzean, argala al dagoen edo itxuroso... Zenbat mediku, bat-batean, diagnostiko azkarra egiteko prest!

Eta ikasleak? Ikasleak leporaino beti zain egoteaz... Esaterako, azterketa eguna iritsi da. Eseri dira serio, azterketa hasteko prest, erabat urduri... Eta irakasleak: "Pixka bat atzeratuko gara. Izan ere, azterketak fotokopiatzen ari nintzela fotokopiagailua izorratu da". Zain egon behar, eta ezin!! Eguna iristeko presarik ez, sekula ez baita nahikoa denbora izaten azterketa bat behar den bezala prestatzeko, eta eguna iritsitakoan, berriz, zain egon behar, bai edo bai.

Trantze bat pasatu ostean, bigarrena: azterketaren emaitza noizko? Zain egote latza, ados nago. Bai behintzat, neurri handi batean, etorkizuna jokoan baduzu.

Mina eragin dezaketen zain egoteak ere badaude, bihotzari eragiten diotenak, arimari nahi baduzue. Seme-alaben musuak, esaterako. Zain egote prozesuaren baitan leku garrantzitsua har dezakete. Txikiak direnean kiloka eta handitzean... Zain egon behar! Musuak emateari zergatik utzi dioten galdetu gabe, isilean... Egon, etorriko direlakoan, noizbait...

Orain eta ja! kulturaren gizartean bizi garenok ikasiko ote dugu noizbait zain egoten? Indukziozko suak, presio-eltzeak, aurrez prestatutako jakiak... Azkar eta orain! (Eta goxoa badago, hobe!).

Zain egoteak badituela ba bere onurak! Esaterako, orain irakurtzen ari zareten hau idazteko denbora hartu dut bilera bat hasteko zain nagoen bitartean.

Agenda estuak eta beteak sortzen ditu presak... Presak, zain egoteari, alergia.

 

(Gipuzkoako Hitza-n argitaratua)