Ganbaratxoa

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Olaizola 2013ko mar. 1a, 17:03

Ondo egindako teilatu baten garrantziaz aritu ginen lehengo egunean berriketan hiru lagun, badirelako berri-berriak egindako teilatu penagarriak etxerik dotoreenean ere.

Teilatu batek izan dezakeen garrantzia ulertzeko, itoginak ezagutu behar dira. Negu gogorrean, euria gogotik ari duenean, etxe barruan euri tantak entzutea ezinbestekoa da txapelaren beharra sentitzeko, ondo egindako txapela desiratzeko.

Etxea behetik gora egin behar dela dudarik ez badugu ere, goialdea osasuntsu mantendu behar urteak joan eta urteak etorri... Esaterako, badira bostehun urteko baserri eder askoak, horma sendoz eraikiak, baina horiek ere, teilatu berria behar gainontzekoa mantenduko bada. Teilatua behera badator, akabo baserria, nekez berriro biziberrituko den baserria...

Hiri handi eta ilun bati argia ematen dioten elementuak dira teilatuak. Behetik ikusi ezin badugu ere, pisu altu batetik hiriari begiratuz gero, koloreak antzeman daitezke, hiriaren taupada senti daiteke... Hasi gorritik eta beltz ilunerainokoak behar ditzakegu, batzuk berriak, gehienak zaharrak... Baina, erantzun honi: ez dakizula zein koloretakoa den zure etxearen teilatua?

Txikia nintzela, izebak aipatzen zuen hitz bat datorkit gogora: "Ganbaratxoa". "Estali ezazu ganbaratxoa, hoztu egingo zara eta". "Kontuz makurtzerakoan, ganbaratxoa mindu gabe"...

Gure herrian, gazteleraz ari garenean, ganbara hitza ganbarote bezala itzultzen dugu... Euskara ez dakienari sekulako grazia egiten dio hitz hori entzuteak. Hiztegian begiratu eta azaltzen ez dela ikustean, are eta handiagoa egiten digu guri!

Urteek aurrera egin ahala, "ganbaratxoari" garrantzia ematen hasten gara. Izan ere, gorputzak izan dezakeen min fisikorik arruntenetarikoa izango da ganbarak jasaten duena, pilula batek aise konpon dezakeena. Baina bestelako buruhausteak ere ematen ditu gorputzaren atal gorenak, pilulekin ezin konpon daitezkeenak. Etxeari teilatu berria egitea baino zailagoa da "ganbaratxoa" berritzea...

Ondo jantzitako makina bat ganbara ezagutzen ditugu, ilustratuak, kultuak... Gure inguruetako hainbat baserritakoak bezala: baba, intxaurra, urra... gainezka dituzten horietakoak.

Badira, ordea, hutsak daudenak ere, lizunduak, itoginez beteak, hautsez josiak... Horietakoak ugaltzen ari ote diren inpresioa daukat azkenaldian.

Ganbara hutsarenak egin du, baina zer litzateke betea eta ondo jantzia arimarik edo bihotzik gabe? Hutsaren pareko...

Zenbat etxe eraiki da azken urteotan gure herrietan, teilatu ederrekoak, ganbara ahulekoak eta batere bihotzik gabeak?  Denborarekin lizunduko direnak, itoginez beteko direnak... Zenbat teilatu zaharretako ganbara sendori kendu diogu arima eta bihotza azkenaldian? Ganbara ahulak ondokoaren zoriontasunik desio ez...

Ipuinetako ganbarak ditut maite. Sagutxoak bizi diren horiek, kutxa sekretuak gordetzen dituztenak, haurrak ezkutaketan jolasteko aproposak direnak, maitaleak gordetzen direnekoak, traste zaharrez beteta daudenak, istorioz ondo hornitutakoak, urteak pasa arren arimarik galtzen ez dutenak...

Ondoko etxearen teilatu zaharra berritzen ari dira. Hotz egiten du etxe horretan, teilatua berritzeko lanetan tximinia geldi dagoelako, baina etxeko txikienen barre algarak entzun ditzaket nire etxetik, "Txiki, txiki, txikia... Handitzen handitzen, ari naiz handitzen..." amak kantatzen dien bitartean. Hipoteka ordaintzeko arazoak dituzte, baina badaezpada, azken txanponak teilatu berria egiten xahutu dituzte.

 

(Gipuzkoako Hitza, 2013-03-01)