Ezetz esaten jakin ez...

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitzako 'Arkupean'-en 2013ko ots. 14a, 14:14
Etxera telefonoz deitzen dutenean, atsegina izatea gustatzen zaio. Inkesta bat egin nahi diotela? Berak baietz. Telefonoaren beste aldean dagoenak soldata aterako badu, erantzungo dioten bakar batzuk topatu behar... Politikaz batzuetan, kontsumo ohiturez besteetan...
 
Telefono konpainien deiei ez omen die arreta berarekin erantzuten. Lehen, esan beharreko dena entzuten omen zien. Orain, berriz, hasi orduko ezetz esan eta edukazioz agurtu ostean, telefonoa eskegitzen omen du. Izan ere, jasangaitza egiten omen zaio berak ezezkoa eman ostean, "benetan ez duzula diru gutxiago gastatu nahi?" entzun, eta horri ere ezetz erantzun behar izatea. Zerua agintzen dutenekin ez fidatzeko erakutsi omen zioten behin...
 
Baina ikasitakoa ere tarteka ahaztu egiten da nonbait...
 
Udako egun bero horietako batean gertatu omen zen, duela urte dezente. Etxean margotze lanak egitea bururatu, eta horretan ari zela jo omen zuten etxeko txirrina. Tirantedun niki itsusi bat omen zeraman jantzita, eta kuleroak, besterik ez (norbere etxean aske sentitzearen abantailak...). Asko pentsatu gabe ireki omen zuen atea, bizilagunen bat edo etxekoren batizango zelakoan... Mutil gazte batekin egin omen zuen topo, traje dotorea jantzita zeramana. Geroztik ez omen du halako sustorik hartu etxeko atean... Tipo batek etxeko atea jotzea, normala... Liburuak saldu eta harpidetza lortu nahi izatea, are eta normalagoa, etxea margotzen egotea, normala bezain beharrezkoa... Baina okasiorako aukeratu zuen trajea... Liburu saltzailea bai dotore, eta bera, brotxa eskuan hartuta kulerotan...
 
Lotsak, piurak, egoerak... bultzatu omen zuen bi urterako kontratu hura sinatzera. 
 
Gertaera bitxi hura jada ahaztu zitzaionean, telefonoz deitu omen zioten etxera, beste askotan bezala. Ez dakit zeinen presakoak zirela, merkatuko hainbat produkturen ikerketa egiteaz arduratzen zirenak. Zer kontsumitzen dugu gehien, zergutxien...
 
Hasteko, inkesta. Hori bai: presarik gabe, modu txukunean, jator... aritu omen zitzaizkion. Gero, eskaintza, edo proposamena: ea parte hartuko zuen halako ikerketa moduko batean, etxerako erosten genuen zera horien guztien gainean. Lantxo erraza zela ulertu omen zuen, laster batean egitekoa, neke handirik gabe...
 
Ona, oso ona omen zen telefonoz bestaldeko emakume hura. Ona bere lanean, alegia, konbentzitzea lortu baitzuen. Telefonoa eskegi bezain pronto damutu omen zen, baina jada, berandu...
 
Hauxe lantxoa: egiten zituen erosketa guztiei, etxean jasoko zuen aparatu batekin, barra-kodea irakurri behar. Klik batean egiteko lana zela iruditu zitzaion hasiera batean, errealitatea zein zen ikusi zuen arte. Liburu lodi bat bidali omen zioten aparatuarekin batera. Aurrena han pasatu behar irakurgailua: non egin zen erosketa, gastatutako dirua... Milaka datu, pentsaezinak...
 
Lantxo erraza zirudiena infernu bilakatu omen zen hasi eta gutxira. Erosketa mordoa eginda iritsi etxera eta hasi zaitez ba banan banan barra-kodeak irakurtzen aparatus antuarekin! Pazientziaz eta denboraz gain, zerbait gehiago behar...
 
Hori gutxi ez, eta egunen batean, edo denboraldi batean paso eginez gero, telefono deia azkar (telefono bidez bidaltzen omen ziren datuak).
 
Zerua agintzen dutenekin ez fidatzeko gogorarazi omen zion berriro bere buruari, baina hala gaineratu zidan: "Gure amak kontatzen du, txikia nintzela, bera siestan zegoen batean edo, sukaldean norbaitekin hitz egiten ari nintzela sumatu omen zuen. Hurbildu eta han omen nengoen, mantelak eta maindireak saltzen ari zen emakume lodikote batekin, jo eta su berriketan! Emakume hark atea jo eta nik, irekitzeaz gain, sukalderaino eraman! Utzi izan balit, zin dagizut, tratua egingo nuela saltzaile harekin!".