Agertokitik, agertokiari

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Olaizola 2005ko aza. 15a, 12:11

Urtero, azkena izango zela pentsatuz egon naiz, azken aldia izango zela. Azken aldia, Soreasuko agertokitik herriari antzerkia egiten geniona. Hala ere, hurrengo urtea iritsi eta berriro ere agertoki berdinetik begira antzeztu ditugu gure antzerki lan desberdinak. Orain ordea… orain, desberdina da.

Ostiral eta larunbat honetan, bi egunez arituko gara bertatik herriari oihuka. (Oihuka, entzun diezaguten) Eta azkenak izango dira, azken zalapartak.

 

Aizue! Pena ematen didala konturatu ez naiz ba!

 

Hantxe, Soreasun maitemindu nintzen nire haurtzaroan Bruce Lee-taz. Hura bai kunfulari bikaina!! Hantxe ikusten nuen, agertoki gaineko pantaila zurian, olibak eta erregaliz beltza janez.

 

Nork esan behar zidan niri orduan, urte gutxiren buruan, agertoki horretan bertan, geu arituko ginela kunfulari lanetan…Eta orain, batez, ez Bruce Lee, ezta gu ere.

 

Bi aste daramatzagu gauero bertan, gure lana puntuan jarri nahian, eta hotz egiten du, jendearen berotasunak baino betetzen ez duen hotza. Baina ederra da bertako agertokitik besaulki hutsetara begiratu, eta iraganetik bueltatxo bat eginez, une bakar eta ahaztu ezinak errepasatzea.

 

Ez nago oso seguru, larunbatean, antzerkia bukatu eta jendea agurtzera ateratzen garenean zer esango didan aretoak, ez eta ezer esango ote didan ere. Baina azkena izango dela badakit…

 

Berria badatorrela dirudi… zorionez. Baina horrek ezin kendu zaharra desagertzearen pena.

Gure herrian gertatzen ez denik… Zaharra kendu, eta berria izan arte, tartekorik ez!

Igual da, hainbeste bider guztiok esandako berdina esatera ez naiz etorri. Denok dakigu gure herriaren gabezia garrantzitsuenak zeintzuk diren.

 

Litekeena da, Soreasukiko sentitzen dudan penatxoa, biluzik geratuko garenaren sentsazioak areagotzea.

 

Soreasun, barre eta negar egin dut. Zinea eta antzerkia ikusi ditut, egiteaz gain. Esku soinua ere jo nuen behin! Jendez gainezka zegoen egun hartan, nire anaietako batek, korrika batean abiatu eta agertoki azpiko horma buruarekin jo zueneko hartan… Dantza ere egin dut bertako pasilloetan eta hori dena gutxi balitz, kanpoko belarra moztu eta jasotzea ere tokatu zait.

 

Joxin, Pilar… eta gainontzeko anai-arrebak… Hauek ez nituzke ahaztu nahi. Jende jatorra inondik inora ere. Beti, edozertarako prest.

 

Larunbatean ikusiko dugu, ea zer demontre dioen areto zaharrak. Gonbidatuak zaudete, ostiral eta larunbatean, barrez, Soreasu agurtzera gustu baduzue.

 

(Datorren urteko topaketak, non? Urola ibaiak dituen zubi desberdinetan emanaldiak, eta ikusleak, ibaian botinak jantzita. Aurrez abisatuko zaizue egun horretan euri jasak espero badira, eta bestela, aurrez, igeriketa ikastaroren bat egin. Urpekaritzako bat ere egitea komeni!!)