Hildako ala oilasko?

Erabiltzailearen aurpegia da hau Alaitz Olaizola |
2005ko aza. 2a, 17:11

Atzo, jai eguna izan zen eta jai egin genuen, baina, gauean, afaria prestatzen hasi eta irratiak gogorarazi zidan zergatik zen atzoko eguna jai. Egun osoan ez nintzen gogoratu ere egin santu guztien eguna zela, hildakoen eguna. Hildakoan, kabroiena ere santu bihurtzen delakoan…  Bueno, ba hori, jai eguna eta ni, zergatiaz akordatzen ez! Irrati esatariak esan zuen arte, zenbat diru kostatzen zitzaigun hiltzea: 2000euro gutxi gora behera eta intzineratuz gero, 200 edo 300 euro. Gero, honi beste 3000 bat euro gehitu errautsak diamante bihurtu naiz izanez gero, eta listo.

 

Kontu guzti hauek entzuten ari nintzela, kolpera gogoratu nintzen larunbatean pasatu zitzaigunaz. Kontatuko dizuet.

 

“Greban gaude” antzerki lana antzeztera Orexara joanak ginen, Gipuzkoako herririk txikienera. Aukerarik baduzue, Lizartzatik gora joanda dagoen herri honek, bisitatxo bat merezi du, bertako taberna bakarrean oilasko erraldoia entsaladaz lagunduta afaltzeko besterik ez bada ere.

Ba hori, han egin behar genuen gure emanaldia eta udaletxeko ganbaran gure prestaketei ekin genion, betiko moduan emanaldia baino ordu batzuk lehenago. Antolatzailearekin solasean hasi zen orduan gutako bat: Inor etorriko ote da, egun ona al da, ordua… Begiratu tristeaz, hala azaldu zion gazteak gure adiskideari, bere osaba bat hilzorian zegoela eta ez zekiela zenbat jende etorriko zen antzerkira. Herri txikia izanik, eragin handia zutela horrelako gertakariek, baina ikuskizun zegoela. Pena sentitu genuen, eta ez gure ikusleengatik, herritarrengatik oro ar. Guk ordea, gurearekin jarraitu behar.

Eta hala, taberna ireki zutenean, jaitsi ginen bertara atsedena hartuz eta horra hor non konturatzen garen ia guztiok batera, gure antzerki lana hasi eta berehala, tanatorioko esketx bat egiten genuela, hildako bati tonu umoretsuan hitz eginez! Eskuak burura eramanda geratu ginen bai soinu eta argi teknikaria, bai laguntzailea eta nola ez, hiru antzezleok. Zer egin behar genuen? Gutako bat, tabernako sukalderaino sartu zen orduan eta etxeko andreari arazoaren berri eman zion. Honek halaxe esan zion: Kentzeko zati hori, ez egiteko, jendearengan eragin handia izan zezakeelako.

Ba, hantxe geratu ginen bostok, emanaldirako hiru ordu falta zirelarik, zer egin ez genekiela. Eta hor hasi ginen buruari bueltak ematen, arazo hura konpondu nahian. Arazoa baitzen.

Emanaldia hasi, eta bukatu genuen, tanatorioko esketxik gabe. Okurritu zitzaigun beste bat eta di da batean prestatu genuen, heriotz zantzu guztiak kenduta. Pentsa ezazue, hildakoarena egitetik, oilaskoarena egitera pasa nintzen. Bai, oilaskoarena.

Hainbeste kontu xelebre gertatu izan zaizkigu emanaldietan, baina zin degizuet, horrelakorik sekula ez zitzaigula pasa! Nork esan behar zidan niri, oilaskoaren paperean bukatu behar nuenik!

Horra hor, hiltzearen garrantzia. Horra hor, heriotzaren inguruko benetako parodia. Eta asteartean, santu guztien eguna… Benetan, kasualitatea ote da?

 

Hara, kasualitate edo kausalitate, ez dakit zergatik egin zigun bai guri baita ikusleei ere halako grazia oilasko inprobisatuak, ikusita, gripe hilkorra eragin diezagula. Umore beltza euskaldunona.

 

Ez dakit, larunbat honetan oilasko edo hildakoarena egitea tokatuko zaidan, baina antzezlana ikusi nahi izanez gero, Baztartxon izango gaituzue.

Bidali:  

Erantzunak

HILDAKOEZ | 2005-11-03 : 14:11

Hildakoez hitzeiten hasita, sakabanaketak eragindako hildako berri bat ere badeu gure artien. Halare; adierazpen instituzionalik eta ixiluneik, edo holakoik ez du merezi itxura danez. Ezta uztarrian tartetxorik ere, nahiz eta azpeitin ere manifestazio deialdiak etab. einda dauden...

Azkoitiarra | 2005-11-07 : 11:11

Zapatun Baztartxon izan nintzen zuen antzerkia ikusten. Pozgarria horrenbeste jende ikustea (200 inguru). Antzezlanari buruz, orokorrean gustokoa, baina bi "kritikatxo":
1- "Greban gaude" izenburua izan arren, bertan jorratzen dituzuen gai askok ez dute horrekin zerikusirik: lehen musua, hildakoarena (aurreko erantzuna penagarria iruditzen zait, berriro ere politika sartu beharra...), gripe "abiona"...
2- Emakumeen berdintasun kontseiluak antolatua, bertako kideek emakumeen "esteriotipoak" errepikatzen dituzue.
Dena den, jendeak gustura irten zuen antzerkitik. Animo eta segi horrela

Alaitz Olaizola | 2005-11-07 : 12:11

Eskerrik asko gure antzerkiari buruzko kritikatxoagatik! Poz ematen du jendea aretora hurbildu eta ikusitakoaren inguruan jarduteko gaitasuna baduela ikusita.
Egia da aretoan jende mordoa bildu zela, eta ikaragarrizko poza hartu genuen. IZan ere, azken aldian gauzak nola dauden ikusita...
Izen buruarenari diozunaz, kontutxo bat baino ez. Gripearena, hildakoarena eta abar... pertsonaien aurkezpenerako baino ez dira erabiltzen, deskripzio moduan erabiltzen dira, beti ere, tonu umoretsuan. Azken finean, greban gaudela diogu, gaur egun emakumeari bizitzea tokatzen zaion egoerarekin ez gaudelako ados. Ez amatasunaren idealizazioarekin, ez senarrekin dugun harremanarekin, ez eta sexuarekiko ikuspegi itxi eta atzerakoiarekin. Horregatik, guzti honegatik, grebara joatea erabaki dugu.
Honi lotuta, estereotipoena dator. Egia da, estereotipoak dira. Baina horrelakoxeak gara gehinetsuenak bizitza arruntean. Horretan datza gakoa: Estereotipoak errebelatzen. Hiru emakume desberdin, hiru ikuspegi desberdin. Nik uste dut, proposamen ausartak botatzen direla, ekintza ausartak dauden bezalaxe. Sexuarekikoak batez ere.
Badakizu nork disfrutatzen duen gehien antzerki lan honekin? Emakume ezkonduak, ama denak. 40, 50 urte inguruko emakumeak. Identifikazioan datza kontua eta gehiago esango dut. Antzerki lanean kontatzen diren pasarte asko, benetan gertatuak dira, emakume desberdinak kontatuak. Esaterako, hondartzako pasartea, "mesanotxekoa" eta baita neronek kontatzen nuen lehenego musua ere.
En fin... Berriro eskerrak eman nahi nizkizuke zure kritikarengatik. Guri, lana hobetzen laguntzen digute, benetan.
Jarraitu antzerkia kontsumitzen!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu