Tabakoa dela eta ez dela

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Olaizola 2005ko urr. 19a, 13:10

Urtarrilean, tabako erretzaileontzako lege berriak martxan jartzekotan omen dira. Gutxi gora behera, hiru puntu izanen ditu lege berriak: 100 metro baino handiagokoak diren tabernetan, erretzaile eta ez erretzaileentzako bi espazio desberdin egongo dira. 100 metro baino gutxiagokotan berriz, tabernaren jabeak erabakiko omen du bere tabernan erre edo ez. Eta azkenik, erretzaileentzako eremu eta taberna horietan, 18 urte baino gutxiago dituztenek ezingo omen dute sartu.

Begiratu batean, ez dauka itxura txarra lege berri honek. Erretzaile ez direnentzako abantaila izugarria, eta erretzaile garenontzako, behingoz uzteko aukera ezin hobea. Erretzen hasteko ere, akaso, zailagoa.

Baina, ez dut bere aplikazioa horren erraza ikusten. Azpeitin, esaterako, 100 metro baino gutxiago dituzten tabernak, ugariak dira. Urtarriletik aurrera ikusiko dugu hauetako zenbatean dagoen erretzea debekatua.

Erretzaile ez direnen batzuen ondoan, gaizkilea sentitzen naiz sarri askotan, edo bueno, sentiarazten naute. Orain arte, horrela izan bada ere, hemendik aurrera, inork ezingo dio inori esan “zure zigarroaren kea sudurzulotik sartzen ari zait, erretzaile pasiboa naiz, nire osasuna arriskuan dago…” Hemendik aurrera, aukeraketa egitea posible izango denez, bakoitza doala nahi duen tokira! Erretzaile izan, eta debekatua dagoen espazioan bazaude, agoantatu! Eta alderantziz bada, berdin, agoantatu!

Erretzeari utzi nahiko nioke, eta zaila egiten zait. Litekeena da, lege berriak honetan laguntzea, edo…Europan zehar, hainbat herrialdeetan gertatzen den moduan, etxerako joera hartzea, alegia, kaleko bizitza egiteari uztea. (Eta kaleak erretzailez betetzen badira barruetan ezingo delako erre? Joxe Agirreren kamerarentzako argazki bikaina izango litzateke!)

Ikuskizun dago oraindik lege berriak zer ekarriko duen, baina daukadan jakin-mina dezentekoa da, oraindik ere, erretzaileak asko garela ikusita.