Ilargira noiz berriro?

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Larrañaga Arrizabalaga 2022ko aza. 10a, 14:30
Ilargia. (Pixabay)

Aitor Larrañaga Arrizabalagak Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Duela egun batzuk elkarrizketa interesgarri bat izan nuen lagun batekin. Ilargira joan ginela sinestea zaila egiten zitzaiola esan zidan. Ez zuen bere arrazonamendua Interneten ugari diren konspirazio bideoen inguruan kokatzen. Bideo horietako askotan agertzen dira logika barregarria edo zuloz betetakoa erabilita edozer  aurkikuntza ukatzen dutenak. Ez, nire lagunari sinestezina egiten zitzaion, duela 50 urte iritsi baginen ilargira, hainbeste denboraren ondoren berriro joan ez izana. Eta nahikoa zitzaion argumentu hori bere garaian ilargira ez ginela iritsi pentsatzeko.

Askotan, ezjakintasunak laguntzen du pentsaera horietan. Ilargitik ekarritako materialak gordetzen dituzte Ameriketako Estatu Batuetako hainbat lekutan. Norbaitek esan dezake hori ere ipuina dela. Baina ilargiko materiala iristen zaigu, guk ekarri gabe ere, meteorito moduan, eta ilargira egin ziren bidaiei lotzen zaizkien materialek ezaugarri berberak dituzte. Ilargiko arrokak eta mundukoak erraz bereizten omen dira, teknika aproposak erabilita. Baina gizakirik gabe ilargira bidali diren tramankuluek ere ekarri izan dituzte gizakia ilargira joan zenean utzitako seinaleak: ontziek lur hartu zuteneko puntuak, erabilitako ibilgailuen arrastoak, eta nola ez, zaborra (marka da…). Ezjakintasunari lotuta askok diote "ilargira joan ziren hartan"; baina oso gutxik dakite Apolo programa famatuaren barruan sei joan-etorri egin zirela lau urteko tarte batean, eta ez zirela behin bakarrik izan bertan.

Baina gaiak badu beste irakurketa bat ere: garaiak aldatu egiten direnarena. Espaziora egindako bidaiak garestiak dira, oso, eta lortzen den etekinarekin alderatzen baditugu, momentuz behintzat, ez dute zentzu handirik. Bere garaian, gizakia ilargira bidaltzea munduko potentzien arteko guda bilakatu zen: teknologia hori garatu eta banderatxoa han jartzen zuenak munduko nazio boteretsuenaren titulua lortuko zuen. Eta horregatik erabili zen diru publiko ugari hura finantzatzeko. Bere momentuan Ameriketako Estatu Batuek ilargira joateko programan erabili zuten dirua (portzentajeetan emanda) Europak ikerketan, edozein dela ere esparrua, erabiltzen duenetik gertu dabil. Hau da, ikerketan inbertsioa bikoiztu beharko litzateke edo lantzen diren beste esparru guztiak dirurik gabe utzi beharko lirateke ilargirako programa bat finantzatzeko. Erokeria hutsa! Ea zein den plan hori herritarren artean saltzen hasten den politikari ausarta! 

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.