Nola argitaratu zientzian

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Larrañaga Arrizabalaga 2022ko ira. 15a, 14:30
Zientzialariek hainbat artikulu argitaratu ohi dute. (Pixabay)

Aitor Larrañaga Arrizabalagak Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalerako idatzitako artikulua da honako hau.

Duela egun batzuk aldizkari batera zientzia artikulu bat bidali nuela esan nion lagun bati. Erantzuna: "Horrela egingo duzue zuek soldataren aparteko diru poltsa!". Beste hainbat kontutan bezala, gizarteak zientziak nola funtzionatzen duen ez dakiela erakutsi zidan erantzun hark. Eta badu bere garrantzia artikulu zientifikoak nola eta zergatik argitaratzen diren jakiteak, aurrerapen zientifikoak nola zabaltzen diren erakusten baitu neurri handi batean. Bide batez, atzean prozesu zorrotz bat dagoela ikusteak edozer ez dela argitaratzen erakuts dezake, eta zientzian fede gehixeago izatea ere ekar dezake.

UROLA KOSTAKO HITZAn idazteko pribilegioa dut nik. Hemen nire iritzia ematen dut gai ezberdinen inguruan, eta inork ez du ‘zuzentzen’ nire lana (euskarari ostikoren bat eman ez badiot, behintzat...). Baina hori ez da horrela aldizkari zientifiko batean lan bat argitaratu nahi dudanean. Hasteko, artikulua idatzi behar da. Artikulua bakarka edo tamaina ezberdinetako taldeetan prestatu ohi da, beti ere idazten den horretan eragina izan duten pertsonak sartuz. Mendiko lanean, laborategian, analisietan, idazten eta abarretan parte hartu dutenak agertzen dira autoreen artean, eta guztiek dute lana hobetzeko erantzukizuna. Baditut nik hiru lankideren artean idatzitako artikuluak, baita dozenaka batzuk biltzen dituenak ere. Autore guztien artean adostasun batera iritsi ondoren, lanaren kalitatea, mezua eta jakintza esparruaren arabera, aldizkari egokia bilatzen da. Gaur egun, aldizkari zientifikoen espezializazio maila izugarria da. Imajina dezakezuen edozer gairi buruzko aldizkari espezifiko bat, edo batzuk, daude: minari buruzkoak, egurraren propietateei buruzkoak, xomorro arraroei buruzkoak... Artikulua bidali aurretik, aldizkariak dituen formatua, luzera eta beste eskakizunak betetzen diren ikusi behar da, eta betetzen ez badira, beste aldizkari bat topatu edo artikulua eskakizun horietara moldatu beharra egoten da.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.