Zabor poltsarekin pasieran

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Larrañaga Arrizabalaga 2022ko uzt. 28a, 14:30
Azpeitiko aurtengo inauterietan, zabor ugari pilatu zen plazan. (Ihintza Elustondo)

Aitor Larrañagak Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Duela egun batzuk Pirinioetako herrixka bateko kanpinean egun batzuk pasa ditugu. Ibilaldi paregabeak, egin dituen beroak freskatzeko erreka txoko ederrak eta zerbait hartu ahal izateko tabernak eta jatetxeak gertu. Zer eska daiteke gehiago? Beti bezala, zaborra banatzen jarraitu ohi dut oporretan ere. Plastikoa, hainbeste sortzen duguna, azkar pilatzen da, eta poltsa itxita plastikoa botatzeko edukiontziaren bila hasi nintzen hirugarren egunerako. Normalean kanpinaren sarreran egoten dira edukiontziak, eta topatu ezinean ibili ondoren, harrerakoari galdetu nion ea non zuten zaborren banaketa egiten zen tokia. Ez zutela halakorik, baina «lasai egoteko» eta botatzeko nire zabor poltsa hondakin guztiak batera pilatzen dituzten edukiontzi grisera. Herrian nonbait ikusi nituela iruditu zitzaidanez eta euskalduna naizenez, hau da, egoskogor xamarra, han hasi nintzen zabor poltsarekin pasieran. Hamar bat minuturen ondoren, topatu nituen hainbat edukiontzi herriko aparkaleku handienean, eta haietako batera bota nuen nire zorroa. Horren ostean, herriko hainbat bazterretan edukiontzirik ba al zen begira ibili nintzen kuriositatez, eta ez, beste inon ez zegoen edukiontzirik.

Zoritxarrez, leku batzuetan oraindik ere normala da hori gertatzea; zabor guztia batera nahastuta botatzea, alegia. Hainbat dira birziklatu beharra defendatzeko argudioak. Batetik, birziklagarriak direnak (plastikoa, papera, beira…) lurperatzean, baliabideak alferrik galtzen ari gara. Bestetik, lurperatzeko lekuak gero eta gutxiago ditugu, eta zabortegiak kontrol handia behar duten eremuak dira, sortzen diren gasak eta lixibiatuak direla eta. Gainera, birziklatu beharrean, hondakinak erretzean, gas oso toxikoak askatzen dira. Era berean, birziklatzea ekonomikoki bideragarria bihur daiteke, azpiegitura eraginkorra eta birziklatzen den bolumena handia baldin badira. Beste argudio batzuk ere asmatuko genituzke birziklatzea zalantzarik gabe defenditzeko, baina itxuraz, oraindik ere leku askotan arrazoi horiek ez dira nahikoak. Pirinioetako herri horretan ez bezala, gure herrietan edukiontzi asko ditugu kalean, eta egoskorkeriarik ez da behar birziklatzeko. Kontrakoa: egoskorra izan behar du batek ez birziklatzeko!

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.