Zinema Paradiso

ZINEMA PARADISO

Ibili ibilian, negua lotsagabe atera zaigu aurtengoan, abisatu gabe jaurtitzen dizkigu bere opari ederrenak. Larunbat gauean Azpeitian egiten zuen hotza, ez zen parte onekoa! Eta gu hantxe, kalean gora eta behera, tabernatik tabernarako bidea ziztu bizian eginez, berotan sartzeko itxaropen txatxuarekin... Pekatari gaixoak, haize polarrari aurka egitera kondenatuak, zine triste bat bera ere gabe, bi ordu behintzat epelean pasatzeko!
Egia esan behar bada, epelean... epelean, ez ginen egoten askotan zinean, Soreasun eta neguan, bederen. Pelikula amaitu eta gogor-gogor eginda altxatzen ginen, kalefazio faltak ala eserlekuaren gogortasunak eragindakoa zen seguru jakin gabe. Destenple hura kafesneak ere ez zuen kentzen. Eserleku gorri haietan, (aurrekoen pipa azalez beteak portzierto) postura hartzea baino errazagoa zen tente lo egitea. Zenbat pelikula erdizka ikusiak, aurrekoaren kokotea beltz pantailaren argiaren kontrastean, hura ezkerrera, gu eskuinera , eta atzekoa alderantziz. Lerro osoa mugimenduan tipo batek behar baino gehiago neurtzen zuelako. Agian zuek argituko didazue oraindik buruan dabilkidan zalantza bat. Zergatik ez ziren ondo entzuten filmearen lehenengo 15 minutuak?
a)soinu ekipoa zaharra zelako
b)patata eta palomita zorro hasi berrien zaratagatik.
d)elkarrizketak entzuten ez eta pelikularen haria hartzeko ondokoari egindako galdera erantzunek sortutako zurrumurruagatik.

Dirua ordaindu eta anuntzioak ikusi behar gainera. “Moooooo-vi-re-cord” hura gabe ez zegoen hasterik. Ez bazuten botatzen, bazen mutil koadrila bat, ahots aldatzen oraindik, ozen abesten zuena, besteon algararako. Eta narruzko jaka haiek saltzen zituen denda haren izena? Zuetako batek gogoratzen badu bidali mesedez.Zenbat aldiz ikusi genituen jaka berak anuntzio ajatu hartan, norbaitek erosteko zain.
Baina bitxiena da, kalamitate guzti hauek eta halere... oroimen onen artean ditudala Soreasun pasatako arratsalde-gau haiek. Hantxe hazi ginen, goiko balkoitik txikleak botatzen zituztenak izatetik, beheko eserlekuetan gora begira mekauenka jardutera pasatuz. Gogoan dut, pasiloan egurrezko aulki batean ikusi nuela E.T, halakoa izan zen joan zen jendetza. Gogoan dut, telebistan baloiari kolpeka eta liga kopa eskuan ikusitako hura, sarreran txartelak puskatzen ikusteak sortzen zigun emozioa. Gogoan ditut, orain haurrentzakoak iruditzen zaizkigun filmeekin botatako kurrixkak, komunera joateak ematen zuen beldurra, horma zati bat erori zenean hartutako sustoa, piperrik ulertzen ez genituen zine klubeko filme haiek...
Denboraren iraganak oroitzapenak makilatu egiten omen ditu, idealizatu. Gazte eta haurtzaroan bizitakoa espezial gordetzen dugu gure oroimenetan ordea, mundua ikusteko gure modua aldatzen delako eta hunkipen eta emozioz betetako garaia delako.Nire kasuan, eta askorenean uste dut, zinea oroimen horien parte da, neguko arratsalde hotzetan nora joan ez genuelako bada ere.
Udaletxeko jaun andreok, egin zerbait mesedez, DVDaren hatzapar bakartietan erori eta zinerako bidea ahaztu baino lehen, edo Baztartxora joatearen poderioz, zeharo axkoitiartu baino lehen. Eta ez galdu denborarik, bi aukera hauek ez dituztened , orain gaztetxo direnek bere zinema paradiso propioa eduki dezaten.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide