Haiek garaiak, haiek!

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2015ko abe. 29a, 10:40

Karmelo Etxegarai ikastolaren 50. urteurrena ospatu genuen atzo Azpeitiko Soreasu antzokian. Amagar bikoak, Xabier Saldiasek eta Unai hirukoak, Juan de Antxieta musika eskolako musikarien laguntzaz, garai bateko abestiez gozatzeko aukera eman ziguten. Ederra izan zen, denboraren makinan sartu eta haurtzarora itzultzearen antzeko zerbait. Gainera, irakasle eta ikaskide izan genituen asko agurtzeko parada eman zigun atzokoak, kontu zaharrak berritzekoa.

Umetako oroitzapenak berritu ziren nire baitan. Azpeitiko Arana auzoko etxabe batzuetako irudiak, denok elkarri eskua emanda irteten ginenekoak, amatxo besarkatzeko irrikaz. Handik Loiolara joan ginen, jesulagunek basilikaren eraikinaren zati handi bat, ia erdia, utzi baitzioten ikastolari. Han hazi ginen, han saiatu ziren gu hezten. Txiki-txikitatik denak nahasirik ibili izan ginen: neskak eta mutilak, azkoitiar, azpeitiar eta zestoarrak... Erdaraz tutik ez genekien. Hamar bat urte genituela, moja eskola batetik etorritako maistra bat jarri ziguten gaztelaniako irakasle. Lehen egunean, biribilki bat marraztu zuen arbelean eta hura zer zen galdegin zigun. Multzoa zela erantzun genion. Izan ere, matematikan biderketak egiteko antzeko zerbait erabiltzen genuen. 6x3 egiteko, esate baterako, seina aleko hiru multzo biribiltzen genituen. Maistrak "círculo" entzun nahi eta guk "multzoa" esaten. Ia erotu zen gaixoa... Zuzendariari deitu zion, asaldaturik.

- Ez al duzue sekula entzun "Círculo", ala?

- Circo bai, culo ere bai, baina círculo ez...

Arrapaladan datozkit oroitzapenak, bata bestearen atzetik. Batzuk goxoak, besteak irrigarriak, ezatsegin samarrak ere bai tartean, baina euskaraz hazi eta hezteko aukera zoragarria eskaini zigun ikastola ireki eta eder batekoak denak. 50 urte ospatzeak baino poz handiagoa ematen dit indar eta sasoi betean jarraitzen duela ikusteak. Aunitz urtez!

Xabier Euzkitzek igandeko Noticias de Gipuzkoa egunkarirako idatzitako artikulua da hau.