Eukaliptoa, gure mendietako gonbidatu berria

Erabiltzailearen aurpegia

Konfinamenduan gaudenetik naturan eta mendian arnas gunea aurkitu dugu. Askok agian ez dute gauza handirik somatuko, baina mendian ibiltzen garenok antzeman ditugu, bai, azken urte honetan aldaketa handiak: baso ugari guztiz suntsituta eta espezie berri batzuen presentzia are eta handiagoa; eta, horien artean, nabarmena, eukaliptoa.

Galizian, Asturiasen, Kantabrian eta Bizkaian espezie honetako masa trinko asko daude jada eta orain Gipuzkoara heltzen ari zaizkigu. Komunikabideak jarraitzen dituenak ondo jakingo du eremu horietan zer arazo larri egon diren landaketa masibo horen inguruan azken urteotan.

Gure inguruan bere presentziara ohitzen ari bagara ere, espezie arrotza da. Pinus radiataren gaitzaren ondorioz (banda marroia), pinutegi ugari hil eta botatzen ari dira, eta baso ustiapenera dedikatzen diren lur jabe handiak horren ordez australiar espezie hau sartzen ari dira.

Zientzialariek duela hamar bat urte adierazi zuten espezie hau inbaditzailea dela, gero Nekazaritza Ministerioak, 'presio ekonomikoak' direla medio, zerrenda horretan sartu ez arren. Eta duela gutxi, Euskadiko Legebiltzarrak eskaturiko beste txosten batean zientzialariek adierazi dute eukaliptoak kalteak besterik ez dituela ekartzen ezartzen den tokietan: lurzoruaren mikrofaunarentzat eta bakterioentzat, hegaztientzat, onddoen dibertsitatearentzat, anfibioentzat, erreketako arrainentzat eta mikrobioentzat... Txosten horretan esaten duten moduan: "Aurkitutako emaitzak bildu ditugun ia 30 aldagaietatik, ia ez dago eukaliptoek ingurumen eragin positiborik duenik".

COVID-19ak erakutsi digu zein garrantzitsua den kalitatezko ingurumen batean bizitzea. Adituek dioten moduan, birusaren hedapenaren arrazoietako bat ekosistemetako bioaniztasunaren pobretzea izan da. Gipuzkoan indartzen ari diren monokultibo industrial horien bitartez ez gara bioaniztasuna indartzen ari, ez dugu kalitatezko paisaia eta ingurumena sortzen eta, beraz, etorkizunean ere arazo berdinean erortzeko arriskuan egongo ginateke. Horregatik, gure helburua da bertako basoa, ez monokultiboa, zabaltzea eta berreskuratzea. Ezinbestekoa ikusten dugu arlo honetan konpetentziak eta ardurak dituzten administrazioek, hau da, udalek eta Foru Aldundiak, planifikazio egoki bat egitea.

Urola Bizirik Natur Taldean argi dugu ez dugula horrelako etorkizun bat nahi, eta gure herrietako erakunde, eragile eta herritarrak hausnarketa honetan parte hartzera animatzen ditugu, asko baitago jokoan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide