Koronabirusa Azpeitian

Ostalaritzaren errua?

Erabiltzailearen aurpegia Urko Egaña 2021ko urt. 26a, 14:59

Urko Egañak honako bertso-sorta hau egin du, ostalarien ikuspuntutik. COVID-19a dela eta, bizi duten egoera ekarri du Egañak Norena da errua? sortara.

1.- Mugatu nahi dut gizartearen

ohitura batzuetara,

arazoeri konponbide bat

eman beharrean gara!

Ostalariei luzatzen zaie

lehenbiziko begirada!

Dirudienez errua beti

ostalaritzarena da.

 

2.- Bada jendea tragaperretan

denbora libre gisara

diru pila bat husten duena

tragaperren kutxetara.

Kasu batzutan diru galerak

heltzen dira etxeetara.

Ludopatarik bada errua

ostalaritzarena da.

 

3.- Alkoholak ere eragiten du

hainbat nahigabe ta traba…

Batzuk etxera iristen dira

balantzaren nahietara,

ta gero bertan nolako pena

ta nolako lurrikara.

Mozkorrik bada horren errua

ostalaritzarena da.

 

4.- Zenbat desgrazi heldu ote den

zenbait familietara

droga zikina sartu delako

zenbaitzuren zainetara.

Zulo beltzetik nekez atera

ahal gaitezke argitara.

Drogazalerik bada errua

ostalaritzarena da.

 

5.- Hainbat faktorek eragiten du

zenbaiten neuronetara,

jendea jotzen, gauzak apurtuz…

doazenak non-nahitara.

Ta iskanbila dihoa hoiek

doazen tokietara. 

Borrokaldirik bada errua

ostalaritzarena da.

 

6.- Emakumeen eskubideen

kontrako jarduerara

mugatu ohi da zenbaitentzako

jai giro bateko gaba.

Zenbat eraso sexista paira

ote diren orotara…

Hau gertatzean errua ere

ostalaritzarena da.

 

7.- Goizalderako zenbat zarata

egon ezin eta traba

bizilagun ta auzotarrentzat

iratzargailu gisara!

Etxe azpiko jolgorioa

ta sortzen den "barrikada"…

Gau-paserorik bada errua

ostalaritzarena da.

 

8.- Azken urteko pandemiaren

norantzen hankapetara

ostalaritza lokalak ixten

dabiltz hona eta hara!

Diru galera beldurgarriak

ta laguntza gutxi, hara!

Kobida hedatzen bada errua

ostalaritzarena da.

 

9.- Hausnar dezagun, pentsa dezagun

ta arinkeriak laga!

Gizartearen erru denak ez

bota ostalaritzara!

Beste zerbaitek bultzatzen gaitu

egoera hauetara.

Ostalariei egotzi arren

errua guztiona da. 

 

(Doinua: Beste bateko inularretan)