Boteprontoan

Bakarrik ezin

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amenabar 2023ko urt. 12a, 08:00

Sara Amenabarrek 2022ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gogorra izan. Ez egin negarrik. Zuk bakarrik, ahal duzu. Zenbat aldiz entzun dituzu horrelako esaldiak? Ziur nago, askotan entzun edo esan dituzula. Sinetsi ere bai, agian. Ez da arraroa, inguruan ikusitakoa barneratzen baitugu. Bada ikastearen garrantzi berbera duen beste aspektu bat: desikastea.

Ez daukazu gogorra izan beharrik. Egin negar, lasai. Zuk bakarrik, beti ezin duzu. Laguntza behar duzu; zuk, nik eta denok. Inoiz ez da berandu laguntza eske hasteko, barrena husteko eta ausarta izateko. Zer da ausarta izatea? Ez dakit, niretzat emozioak askatzearen eta ondokoari euskarria eskatzearen sinonimoa da. Baina zer da zuretzat?

Agian, laguntza jaso nahi duzu eta ez dakizu nondik hasi. Agian "ez nago ondo" esaten has zaitezke. Ispiluaren aurrean probatu, idatzi, ahoz esan. Modu desberdinak esploratu. Zurekin gehien konektatzen duena aukeratu. Kostatu arren, egin. Aske sentituko zarelakoan nago.

Zeinen polita den askatasuna. Urteetan zuretzat bakarrik gorde duzunari merezi duen espazioa ematea. Besteekin elkarbanatzea. "Zure laguntza behar dut" esatea. Bakarrik ezin, lagun.