Beñat Gaztelumendi: "Xabier Lete euskaraz bizi garenon iruditeriaren parte garrantzitsu bat da"

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2021ko eka. 22a, 11:34

Soreasuko agertoki gainean izango da Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987) igande honetan, beste hainbat musikarirekin batera Xabier Leteren omenezko Loreak eta Zauriak ikuskizuna eskaintzen. Sarrerak Kulturaz.eus atarian eskuratu daitezke.

Joserra Senperena, Xabier San Sebastian, Quico Puges eta zu zeu elkartu zarete Xabier Lete omentzeko. Zer-nolako ekitaldia sortu duzue?

Hasieran, emanaldia sortzerakoan, zalantza dezente izan genituen, azken batean, Xabier Lete erraldoi bat delako. Bere zer kanta aukeratu, zer utzi bazterrean... Ardura handia zela iruditzen zitzaigun. Hark ibilbide luzean jorratu zituen diziplina desberdinak biltzen ditu ikuskizunak. Alde batetik, haren kantekin osatu dugu egitura nagusia; bestetik, bertso zaharrak musikatzen-eta lan handia egin zuen Letek, eta horri ere keinu bat egin nahi izan diogu. Azkenik, gutako bakoitzak Lete nola bizi dugun ere kontatzen dugu. Osagai horiekin osatu dugu emanaldia.

Pasa den abenduan 10 urte bete ziren Xabier Lete hil zela. Zeu, aldiz, beste belaunaldi batekoa zara, dezente gazteagoa. Zer jaso duzu Xabier Leterengatik?

Xabier Lete euskaraz bizi garenon iruditeriaren parte garrantzitsu bat dela uste dut. Nire gurasoak, esaterako, oso Lete zaleak izan dira. Haien heziketa sentimentalean eta ideologikoan Letek pisu handia izan duela esango nuke, eta gurasoen bidez neuk ere hori jaso dut hori. Umetatik, gure etxean beti entzun izan da Lete. Egia da, gerora, nire kasa deskubritu dudala Lete, modu sakonago batean; askotan, gurasoen bidez jasotzen den hori beste era batera bizitzen baita. Orain, aldiz, Leteren letrak eta kantak errepasatzen hasi naizenean, beste dimentsio bat aurkitu diet horiei. Gainera, gure belaunaldiarentzat Letek garai oso interesgarri bat erakusten duela uste dut: Ez dok hamairuren garaia, Euskal Herrian hainbeste amets hasi ziren garai hura. Gero, nolabait, amets horien ziklo aldaketa bat bizi izan dugu; nik hortik begiratzen diot, orain gauden lekutik, nondik abiatu ginen jakitea interesgarria dela uste baitut.

Loreak eta zauriak da ikuskizunaren izena. Zer dela eta?

Egia esan apur bat kostatu zitzaigun izenburua jartzea. Letek badauka disko bat Lore bat, zauri bat izenekoa. Disko horretan bada diskoari izenburua jartzen dion abesti bat, niri pertsonalki asko gustatzen zaidana: Salvador Allenderen alabari, Beatriz Allenderi, eskainitako kanta eder bat. Bestetik, askotan aipatzen da Letek sarri minari kantatzen diola, sufrimenduari. Baina, aldi berean, bera oso pertsona alaia zen, eta bere kanten aurkezpenetan beti egiten zion umoreari leku bat. Bitasun hori erakutsi nahi genuen emanaldian, eta, nik uste, izenburuak hori jasotzen duela.

Joan zen urteko abenduan aurkeztu zenuten ikuskizuna. Pandemia dela eta, sortze prozesua berezia izango zen...

Sortze prozesua berezia izan da, bai. Baina, hala ere, pandemiak berak sortze prozesuan lagundu egin digula esango nuke. Nik, pertsonalki, seguru asko bestela izango ez nukeen arnas bat izan dut, esaterako. Etxeko lanak-eta egiteko denbora gehiago izan dugu. Itxialdi garaian bakoitza bere etxetik aritu ginen, eta irailean hasi ginen elkarrekin biltzen eta kantak-eta osatzen. Beraz, pandemiak berezia egin du prozesua, baina, neurri batean, erraztu ere egin du.