Azpeitiak hartuko du Euskal Antzerkiaren Lekua azaroaren 21ean

Erabiltzailearen aurpegia da hau Kulturaz kooperatiba | Kultura
2019ko aza. 14a, 16:13

Euskal Herriko hainbat eragileren lankidetzari esker abian da egitasmo berri bat. Euskarazko antzerkigintzaren topalekua, arnasgunea, babestokia, itsasargia izan nahi duen hitzordua proposatu nahi dugu: Euskal Antzerkiaren Lekua. Plazer handiz, gonbidatuta daude euskarazko antzerkigintzan diharduten antzezle, zuzendari, programatzaile, gidoigile, konpainia, banatzaile eta bestelako eragile oro. Parte hartzea doakoa da eta hilaren 19a baino lehen eman behar da izena.

Euskal Herriko hainbat eragileren lankidetzari esker abian da egitasmo berri bat. Euskarazko antzerkigintzaren topalekua, arnasgunea, babestokia, itsasargia izan nahi duen hitzordua proposatu nahi dugu: Euskal Antzerkiaren Lekua. Izan ere, euskarazko antzerkiak behar du bere leku berri bat gure lurralde zahar honetan, merezi du leku duinago bat gure kultur paisaian, eman behar zaio leku bereziago bat gure agendan, erabakietan, sormenean, hezkuntzan, maitasunean eta politikan... gure bizitzan. Eta zein hoberik Azpeitia baino guzti horri tokia emateko. Ia berrogei urtez Euskal Antzerki Topaketak euskara hutsean antolatzen, azken urteetan euskarazko antzerkigintzaren dinamika hauspotzen eta antzerki sormenari bere abaroa eskaintzen dion herria. Azpeitia da euskal antzerkiaren lekua.

Lehen hitzordu honetan, euskarazko antzerkigintzan diharduten hainbat aritu eta aditu bilduko gara egun osoko jarduna partekatzeko. Euskarazko antzerkigintzako agente desberdinek osatzen dugun balio kate guztia agerian jarri eta guztiok biltzen gaituen argazki aberatsa osatu nahi dugu. Elkarrekin ditugun erronketaz solastu, gabezietaz hausnartu, lorpenak partekatu, ezagutzak batu eta lankidetza sareak osatu nahi ditugu guztiok batera bide berri bat marrazten hasteko. Ezagutzeko, gozatzeko, pentsatzeko, eta batik bat, eraikitzeko koordenadak adostera goaz.

Ordea, afera honetan ez gaude bakarrik, hainbat bidelagunekin indarrak batuz eskutik helduta goaz. Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Euskal Kultur Erakundea, Euskadiko Antzoki Sarea, Nafarroako Antzoki Sarea, Azpeitiko Udala eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatiba elkartu gara indar metaketa berri honetan. Ez gara gutxi eta gehiago izan nahi dugu, euskarazko antzerkigintzari bere lekua emateko.

Plazer handiz, gonbidatuta daude euskarazko antzerkigintzan diharduten antzezle, zuzendari, programatzaile, gidoigile, konpainia, banatzaile eta bestelako eragile oro.

Parte hartzea doakoa da eta izena eman beharko da honako loturan, azaroaren 19a baino lehen.

Egitaraua

Sanagustin kulturgunean

  • 09:30. Harrera eta aurkezpena
  • 10:00. Hitzartzea eta eztabaida saioa.
    Ximun Fuchs: Euskarazko antzerkigintzaren pausoak, ibilerak eta errenak.
  • 11:15. Kafea.
  • 11:45. Hitzartzea eta eztabaida saioa.
    Eneritz Artetxe: Emakumeen presentzia eta genero ikuspegia euskarazko antzerki sorkuntzan.
  • 13:00. Zubi deialdi berriaren aurkezpena.
  • 14:00. Bazkaria.

Dinamoa sormen gunean

  • 16:00. Kafea eta letrak. Garazin Antzerki eta Ganbila proiektuen inguruan.
  • 17:00. Praktika egokien aurkezpena eta mahai-ingurua:
    Euskarazko antzerki sorkuntza bultzatzeko bide berriak.

    Gonbidatuak: Eztena, Zubi, Baratza eta Kulturaz Kooperatiba.
    Moderatzailea: EHAZE.
  • 20:00. Esti Curielen 35 huts antzezlanaren estreinaldia eta mokadua.
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu