Doinu gozoak protagonista, Ruper Ordorikaren eta Errimeren kontzertuetan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2017ko mar. 13a, 12:52

Joan zen zapatuan, hilaren 11n, Ruper Ordorika eta Errime taldea igo ziren Sanagustin kulturguneko oholtzara. Kontzertura bertaratu ziren ehunka lagunen gozamenerako, doinu melodikoek eta abestien letra sakonek hartu zuten Sanagustin. Ruper Ordorika izan zen oholtzara igotzen aurrena, Guria ostatuan disko berria aurkeztera. Ordorikak, taldekide bikainez lagunduta, goxotasuna transmititzen jarraitzen du. Sorpresatxo bat ere jaso zuen, zale batek bertsoa bota baitzion. Barrez erantzun zion oñatiarrak. Errime taldea zen nobedadea eta maila handiz erantzun zion erronkari, talde berria izanik esperientzia handia erakutsiz taula gainean. Herritarren babesean, kontzertu ederra eskaini zuten Errimeko kideek. Euren aurreneko lana osatzen duten bost abestiak kantatzeaz gain, zapaturako bereziki prestatutako beste hainbat pieza ere entzun ahal izan zituzten Sanagustinera bertaratu zirenek. Alberto Belokik zapatuko kontzertuetan hartutako irudiak dira honakoak. Argazki bilduma osorik, hemen

Hauek, berriz, oraingoz Kulturaz kooperatibak zapatuko zuzenekoetaz jaso dituen iritziak dira:

- Leonard Cohen euskeraz kantau eztigube ba... Errime hauek onak datoz! 

- Ruperren taldeak oso ondo jo zuen, aipatzekoa Arkaitz Miner, ezinbestekoa bere ekarpena abestiak borobiltzeko. Ruperrek kontzertua gehiegi luzatu zuen, jendeak eskatu zuelako, soberan zeuden azkeneko 4 kantak. Errime talde gazteak ondo jo zuen, euskal musika egiteko dohaina daukate.