Berri Txarrak: "Hortxe parean, Astra eta Sanagustin Kulturgunea"

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2013ko aza. 4a, 13:10

Giro ezin hobean entzun genituen Niña Coyote eta Chico Tornado, Berri Txarrak eta Egurra ta kitto! taldeen kontzertuak. Entzulegoa gogotsu zegoen eta nabarmendu egin zen nafarren kontzertuaren garaian, abestiak ahoz goran kantatuz, taldearen burrunden gaindik entzun arte.

Ostirala iritsi zen azkenean. Aspalditik geunden egun horren zain eta zaleak ere bai ( hilabete faltan astebetean saldu ziren sarrera guztiak, orain arteko azkarren). Eta gozamena lehertu egin zen.

Niña Coyote eta Chico Tornado Ursula Strong (bateria) eta Koldo Soret (gitarra) bikotearen proiektu berria da. Hauek eman zioten hasiera iluntzeari. Laburra izan zen, 35 bat minutukoa. Atera berri duten disko berriko soinu astun eta indartsuekin, guztia eman zuten eta iristen ari zen publikoa zirikatzeaz gain bereganatzea lortu zuten. Hain izan zen azkarra hauen momentua, izan zirela berandu etorri izanaz damutu zen entzulerik. entzuteko aukerarik ez zutelako izan.

Berri Txarrak taldeko hirukotea taularatu zen ondoren. Dagoeneko leporaino zegoen Sanagustin kulturgunea eta jendeak oihu eta txalo artean eman zien ongietorria. Gogor hasi ziren eta halaxe iraun zuten kontzertu guztian zehar. Ordu eta hiru laurdenekoa eskaini zuten, errrepertorio zabalarekin, disko zaharretako kanta asko berreskuratuz. Soinu bortitzak, kantutik kantura tarte handirik ez eta hitz gutxi egin zuten. Baina horietako batean, eskerrak emateko garaian, Gorka Urbizu abeslariak Gernikako Astra eta Azpeitiko Sanagustin kulturgunea goraipatu zituen, herritik ateratako bi proiektu eta "kulturarako berrerabilitako bi eraikin; ea horrelako gehiago ateratzen diren" aipatu zuen, "hortxe parean, Astra eta Sanagustin" esanez bukatuz.

Argiekin asko jokatu zuten, taula gaina ere oihal gorriekin apaindu (polita zegone kulturgunea). Bis bakarra egin zuten, baina beste 20 bat minutu egin zituzten oholtzan amaitu arte. 

Eta azkenik, Egurra ta kitto! herriko taldea igo zen. Seikotearen doina alaia eta dantzagarriek festa giroa eman zioten kontzertuari eta uda aurretik atera zuten Zuentzat diskoko kantak aurkeztu zizkiguten, zaharrekin nahastuta. Entzuleak ere kantuan aritu ziren, herrian harrera ona duen taldea dela erakutsiz.

Sanagustinen partetik eskerrik asko hiru taldeei emandako gauarengatik eta baita zaleei ere.