Txapelez gain, Joxe Lizaso, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano izan ziren protagonista bertso saioan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2012ko abe. 26a, 12:36

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak urtero antolatu ohi duen 'Txapelen omenezko bertso saioa'-n hiru azpeitiar handiak omendu zituzten. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Amets Arzallus, Uxue Alberdi eta Aitor Mendiluze aritu ziren bertsotan. Hiru zati izan zituen saioak: Laxaro Azkune gai-jartzailearen esanetan ibilitakoa aurrenekoa; bigarrena, non Lizaso, Agirre eta Lazkanoren garai bateko bertso jardunen bideoak izan ziren gaien iturri; eta hirugarrena, Jose Luis Gorrotxategi eta Lazkano bera bertsoak kantatzera igo zirenekoa (bideoan). Jendaurrean bertsotan aritzeari utziko dio Lazkanok aurten eta hunkituta amaitu zuen herriaren aurrean botatako azken bertsoa kantatzean.

Eta bideo honetan Aitor Mendiluze Joxe Agirrez kantuan. Gaia honako hau zuen: "Semeak Joxe Agirre nora joan den galdetu dizu" (bideoaren audioa ez da oso ona, eta jarraian bertako bertsoak idatzita dituzue).

1.- Berririk latzena danba,

elkarri hitzez esanda,

heldu da Joxeren txanda.

Jaiotzen denak hiltzea zor du

eta zor horrek demanda,

baina hala behar zan da,

Joxe Agirre 'Oranda',

denon memorira joan da.

2.- Plazarik plaza jo ta ke,

Joxek ze sen ta ze arte,

askok kontatu didate.

Beraz nahiz eta gorputzez joan

gure ondotik aparte,

bertsoa bera bitarte,

izango da geure parte,

geuk kantatzen dugun arte.

3.- Beti eztarriaz kexu,

baina gero zenbat mezu,

ta bere hitzetan ze su.

Jon nere hitzei ez ulertuen

keinua egin diezu,

ai harrituta zaude zu,

nola uler dezakezu,

lasai ulertuko dezu.

---

Erniarraitz Bertsozale Elkartea. Sorrera: 2000. / Bailarako bertsozaleek osatzen dute. Helburuak: bertsolaritzari eskolatik hasi eta helduen garaira arte laguntzea. / uztarria.com/komunitatea/erniarraitz / Informazio gehiago

III. Kulturaldiko azken ekitaldia izan zen

Igandeko bertso saioarekin bukatu zen Azpeitiko Kultur Mahaiak antolatutako III. Kulturaldia. Ekitaldi hauek egon dira:
 
- Abenduak 5: Zuloak dokumentala Soreasun. 50 lagun joan ziren.
 
- Abenduak 8: Zuloak eta Bizardunak taldeen kontzertua Sanagustinen. 300 lagun. Hemen lau argazki.
 
- Abenduak 11: Pako Aristiren hitzaldia Baigera I-en, bere Independentziaren paperak liburuari buruz. 25 lagun. Hemen hitzaldiko kronika.
 
- Abenduak 14: Sahararen aldeko afari musikatua Sanagustinen. 40 lagun. Hemen afari musikatuko argazkiak.
 
- Abenduak 17 (urtarrilaren 10era artean): Miriam Quintana eta Beatriz Pozo Arte eta Diseinu zentroko irakasleen erakusketa Sanagustinen. Hemen irekiera ekitaldia.
 
- Abenduak 20 (urtarrilaren 7ra artean): herriko 21 dendatan herriko 19 artisten kuadroak-artelanak, erakusleihoetan. Hemen artelan bat denda batean.
 
- Abenduak 23Txapel-en omenezko bertso saioa Sanagustinen. 400 lagun. Hemen saioari buruzko artikulua.