Laudorioak jaso izan dituen 'Bakarrik (Solitos)' antzezlan mutua izango dugu igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2012ko urr. 11a, 18:43

Mundu mailako birak egiten dituen Azar teatro taldearen lana da (Valladolid, Espainia). Hitzik ez du eta berezi egiten du horrek, halakoak ikusteko aukera handirik ez delako izan orain arte. Tren geltoki batean bizi diren senar-emazte baten gorabeherak dira komedia honen mamia. Egunero egiteko finkoak ditu bikoteak, ordu berean, leku berean, tren beraiekin... errutina dute eguneroko ogia, trenen ordutegiak agindutakoa. Baina egun baten...

Antzezlan honek norbanako bakoitzak bizitzan zehar izaten dituen aldaketen aurrean moldatzeko duen gaitasunaz hitz egiten du. Umorez egin ere. Batzutan badirudi pertsona bat eginkizun jakin batetarako sortua izan dela, baina ezinbestean iristen den aldaketa batek ordura artekoa atzean utzi eta aurrera egitera behartzen du, ezinbestean.

Antzezlan honetan, Burdinbidearen konpainiak begirale bat bidaliko du bikotearen lana aztertzeko eta hauek etxean hartu beharko dute gonbidatua. Hortik aurrera gauzak aldatu egiten dira.

Trena eta kultura zikloaren baitako ekitaldia da hau, Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak eta Sanagustin kulturguneak batera antolatutakoa. Sarrerak 5 eurotan daude, Trenaren Museoan, www.sanagustinkulturgunea.net eta kulturgunean bertan. 19:00etan hasiko da.