Aitzealdenk! Zuzenean 02 musika jaialdia aurkezten dizuegu

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2012ko ira. 27a, 17:20

Zuzeneko kontzertuen aldeko egitasmo honen bigarren edizioa —aurrenekoa urte honetan bertan, apirilean, egin genuen— bi egunetako jaialdia izango da eta 6 talde izango ditugu musikaz eta bat-batekotasunaz gozatzeko, izan ere edizio honetan zuzenekoetan nabarmentzen diren taldeak izango ditugu.

Euskal Herrikoak seirak. Batzuk aspaldi euskal musika panoramaren puntan daudenak; besteak indartsu datozenak panorama horretan parte hartzeko. Eta horien guztien artean, itzulera handi bat, behin baino ikusiko ez duguna Euskal Herrian: Ama Say taldearen itzulera.

Ostirala

Urriaren 19an hasiko da Aitzealdenk! Zuzenean 02. Edizio honi hasiera emateko MobyDick bakarlaria izango dugu. Eneko Burzako getxotarraren izen artistikoa da MobyDick. Entzun beharreko bakarlaria, duen ahotsagatik eta bere kantuek entzulearen barrunbetaraino iristeko duten ahalmenarengatik. Kantak bizitzeko modu sutsua du MobyDick-ek eta hori zuzenekoetan argi adierazten du. Iaz izan zen kulturguneko txoko txikian kontzertua ematen eta txundituta utzi gintuen. Orain oholtza nagusian izango dugu.

Honen ondoren, bestelako musika estilora egingo dugu jauzia. Doinu dantzagarriak izango ditugu, batez ere. Zuzenekoetan dantza bultzatu eta festa sortzearen aldeko apustua egiten duten bi talde izango ditugu. Batetik, Pasai Donibaneko Anai-arrebak taldea. Izen homonimoa eramango duen diskoaren lehen aurkezpen kontzertua izango da hauena. Bestetik, Zestoako Grises taldea. Melodia dantzagarriak jotzen dituen talde hau buru-belarri dabil euren disko berria prestatzen —urtarrilean argitaratuko dute—, baina tarte bat hartuko dute zaleekin egoteko eta kontzertu dibertigarria plazaratzeko.

Zapatua

Urriaren 20an, guztiz bestelako musika izango dugu, baina erabat erakargarria hau ere. Gainera, nostalgiak bazterrean uzteko eskaintza daukagu, Ama Sayren kontzertuarekin. Bi kontzertu joko dituzte, Euskal Herrian bakarra, hain zuzen, hauxe —bestea, Bartzelonan—. Hauen atzetik, Lisabö taldearen energia ezagutuko dugu, azken urteetan euskal musikak duen zuzenekorik indartsuena dutela erakusten duen kontzertuarekin. Eta musikaldiari amaiera emateko DJ Makalaren nahasketekin dantza egiteko parada izango dugu Unexpected Tapas diskoaren harira.

Erakusketa, azaroaren 16an

Herriko argazkilari batzuek jaialdian zehar argazkiak aterako dituzte ondoren, lehenengo edizioarekin egin bezala, musikaldiaren inguruko erakusketa egiteko. Azaroaren 16an jarriko dugu, Sanagustin kulturgunean bertan. Besteak beste, parte hartuko duten argazkilarien artean daude: Xanti Rodriguez, Alberto Beloki, Borja Eizagirre, Alaitz Ruiz, Koldo Eizmendi eta Igor Froilan.

Ordutegia

Taldeak: MobyDick, Anaia-arrebak eta Grises.
Eguna: Urriak 19, ostirala.
Ordua: 23:00.
Sarrera: 10€ (salgai Sanagustin kulturgunean, www.aitzealdenk.net-en eta www.sanagustinkulturgunea.net-en)

Taldeak: Ama Say, Lisabö eta DJ Makala.
Eguna: Urriak 20, zapatua.
Ordua: 23:00.
Sarrera: 10€ (salgai Sanagustin kulturgunean, www.aitzealdenk.net-en eta www.sanagustinkulturgunea.net-en)