Sanagustinen 10. urteurreneko helburuak, beteta

Erabiltzailearen aurpegia Sanagustin kulturguneak 10 urte 2021ko abe. 10a, 13:33

Kulturgunearen 10. urtemugako ospakizunerako sortutako Herri Batzordeak balorazio oharrean taldearen osaera plurala, egitarau orekatua, ekitaldiek izandako harrera ederra, etorkizunera begira utzitako aleak eta urteurrenari nazio dimentsioa eman izana aipatu ditu. Norabide berean lanean segitzeko deia egin du, "egiten den guztiaren optimizazioan eta zergatian indarra jarriz".

Bukatu dugu Azpeitiko Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko ospakizuna. Aurtengo urtarrilean, horretarako sortu genuen Herri Batzordea, eta desegin dugu jadanik. Hau da 10. urtemugaren balorazioa:

  • Herri Batzorde plurala. Plurala da Azpeitiko kultur komunitatea, eta plurala izan da Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrenerako sortutako Herri Batzordea. Bertako kide izan gara Kultur Mahaia, Kulturaz kooperatiba, bi udal taldeak (EH Bildu eta EAJ) eta norbanako batzuk. Kultur artikulazioaren jardunaldietako ondorio batean jasotakoa diogu berriro: desberdin pentsa dezakegu, baina batera pentsatu behar dugu.
  • Egitarau orekatua. Batzordearen asmoa ez zen 10. urtemuga ekitaldiz jostea, baizik eta modu selektibo batean prestatzea egitaraua. Uste dugu, kopuruz eta arloz, izan duela oreka bat. Maiatzetik urrira bitartean, bi nazio jardunaldi izan dira (Kultur artikulazioa eta Herri ekimena eta kooperatibismoa); Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala; bi erakusketa (Sanagustinen 10 urteei buruzkoak: herritarren argazkiekin bat, Kulturazen panelekin bestea); Kultur Zuhaitz Eguna (sustraiak eta balioak azpimarratzeko); 10. urteurreneko ekitaldi ofiziala; eta kontzertu bat (Jotakie taldea). Ekitaldi denak pandemia betean izan dira, baina hartutako osasun neurriekin, herritarren erantzukizunarekin eta Kulturazeko langileen konpromisoarekin, ondo atera ditugu aurrera.
  • Harrera ederra. Pozik gaude ekitaldiek izandako erantzunarekin eta oihartzunarekin. Esate baterako, gonbidapenei harrera ederra egin diete instituzio publikoek, askotariko entitateek, jardunaldietako hizlariek... Kultur komunitatea josten eta eraikitzen dihardugu guztion artean.
  • Etorkizunerako ikuspegia. 10. urteurrenean ez genuen nahi soilik atzera begiratzea. Etorkizunerako ikuspegia ere landu nahi genuen, arrasto bat uztea. Hala, bi nazio jardunaldiekin ondorioak atera eta plazaratu ditugu berriki (kultur artikulaziokoak eta herri ekimena eta kooperatibismokoak), herritarren, instituzioen eta eragileen esku utziz, lantzeko eta garatzeko moduan. Edota Dinamoaren irekiera ofizialarekin, sormen gunea gehiago herriratzen joateko xedea agertu da. Dena dela, uste dugu, gure hizkuntza eta kultura belaunaldi berriei transmititzeko, guztia ez dela kultur komunitatearen esku utzi behar; adibidez, hezkuntzaren arloak ere badauka garrantzirik.  
  • Herria eta nazioa. Herri bateko proiektua da Azpeitiko kultur komunitatearena, baina nazio proiektua da. Izaera eta norabidea garbi izanik antolatu dugu Sanagustinen 10. urtemuga. Azpeitiarrak eta Azpeitiko eragileak izan ditugu gurean, baita Euskal Herriko askotariko ordezkariak ere —halaber, beste nazio bateko lagun bat: katalan bat—, eta ekitaldi batzuek nazio dimentsioa izan dute.
  • Norabide berean lanean. Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrena ez da ezeren bukaera izan, aurrera segitzen baitu kultur komunitatearen ibilbideak. Azpeitian, 2006an Kultur Mahaia sortu aurretik ere, kultur dinamika aberatsa zegoen; ondoren, jauzi handi bat eman da kultur mugimenduaren artikulazioarekin eta kooperatibarekin, espazio berriekin, eta adostasun zabalarekin (esaterako, aurten bertan Azpeitiko Udalak —aho batez onartuta— eta Kulturaz kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu dute), eta, beraz, onena dugu norabide berean jarraitzea lanean, egiten den guztiaren optimizazioan eta zergatian indarra jarriz.

Ondorioz, Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrenaren ospakizuneko Herri Batzordeak helburuak betetzat jo ditu.

Hona hemen kulturari eta harekin lotutako kontuei buruzko gogoetekin Herri Batzordeak azken hilabeteetan kaleratu dituen 11 ikus-entzunezko laburrak batzen dituen bideoa: