'Kultur artikulazioa', ondorioak

Erabiltzailearen aurpegia Sanagustin kulturguneak 10 urte 2021ko aza. 29a, 11:06
Kultur artikulazioa nazio jardunaldiko une bat, joan den maiatzaren 28an, Sanagustin kulturgunean.

Maiatzaren 28ko nazio jardunaldiaren ondorioak atera ditugu antolatzaile Azpeitiko Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak eta Jakin Fundazioak. Euskara, kulturgintza eta herrigintza hirukoteak lotune bat osatzen dute; horretan ekimena hartzeak, norbanako eta komunitate gisa, subjektu politiko izateko bidea irekitzen du.

Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola nazio jardunaldia izan zen joan den maiatzaren 28an, Azpeitian, herriko Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak eta Jakin Fundazioak antolatuta. Euskal Herriko udalerri askotako jendea izan zen topaketan; denera, 78 lagun. Harkaitz Zubiri eta Maialen Akizu kultur adituek, eta Azpeitiko Kultur Mahaiko (Enekoitz Esnaola), Durangoko Plateruena kulturgunearen egitasmoko (Ihintza Orbegozo), Baiona-Angelu-Biarritzeko Mintzalasai euskara ekinbideko (Eneko Gorri), Bertsozale Elkarteko (Miren Artetxe) eta Aloze-Iruñeko kultura-euskara egitasmoko (Ihitz Iriart) ordezkariek hitz egin zuten.

Ondorioak atera ditugu kultur artikulazioari buruzko nazio jardunaldiaren antolatzaileok.

1. Atarikoa

Hizkuntza eta kultura, txanponaren bi aldeak dira. Gurean are gehiago, agian; hizkuntza da kulturgintzak izaniko bilakaera ulertzeko aldagai esplikatzaile nagusietako bat. Eta, alderantziz: euskararen biziberritzean tresna eta eremu garrantzizkoenetako bat kultura da.

Horrezaz gainera, hizkuntza eta kultura osagai artikulatzaile funtsezkoak dira komunitate batean, eta, aldi berean, hizkuntza eta kultura komunitatea egiten eraginkor izango badira, artikulatu beharra daude.

Kulturaren eta kulturgintzaren artikulazioa egoera soziolinguistiko eta soziopolitikorekin harremanean doa ezinbestean, beraz. Baita helburuetan ere. Eta, horregatik, artikulazio eredu eta ibilbide bat baino gehiago dago Euskal Herrian, baina eredu edo ekimen guztiek badaukate partekatzen duten baldintzapen bat: hizkuntzaren biziberritze prozesuari nahi ala ez lotuta egotea, eta kultura hizkuntzaren eta herrigintzaren garapena lortzeko tresna eraginkor izatea.

Beraz, hizkuntza, kulturgintza, herrigintza hirukoteak lotune bat osatzen du. Horretan ekimena hartzeak, bai norbanako gisa eta bai komunitate gisa, subjektu politiko izateko bidea irekitzen du, eta horrek parte hartze politikorako aukera zabaltzen. Azken buruan, hirukotea lau hankako mahai bat bilakatzen da: hizkuntza, kultura, herria eta demokrazia parte hartzailea.

2. Ondorioak

2.1. Artikulazioa

  • Kulturaren artikulazioak herria egitea dakar, komunitatea egitea.
  • Desberdin pentsa dezakegu, baina batera pentsatu behar dugu.
  • Herrigintzan oinarrituz, interkooperazioa: espazio zabalak eraiki, interesak partekatu...
  • Nazio eraikuntzarako, bateratasun sozialaren bila jo herri ekimenetik.
  • Artikulazio mota desberdinak egin ahal dira: udalerri batekoa, auzo batekoa, arlo batekoa, diziplina batekoa, eremu desberdinen artekoa…
  • Euskal Herrian euskara da artikulatzera bultzatzen gaituen elementu nagusietako bat. Sentimendu positiboekin lotu euskara.

2.2. Erabaki

  • Ahaldundu, eta zeure buruaren jabe izan.
  • Izan subjektu politiko, ez aholkulari.
  • Ez egon zerbaiten, baizik eta zerbaiten erabaki.
  • Ez izan kontsumitzaile huts, baizik eta sortzaile, eragile, zale aktibo.

2.3. Prozesua

  • Prozesuak garrantzia du, pausoak nola egiten diren.
  • Parte hartzea, ikuspegi irekia, jarrera zabala, denbora eman…
  • Kontsentsua.
  • Elkarlana instituzio publikoekin eta beste eragileekin.
  • Etengabeko mugimenduan jardun: ireki, komunitatea erakartzeko, eta trinkotu, komunitatea finkatzeko; ireki eta trinkotu…

2.4. Arriskuak

  • Nola artikulatu, mugimendua fagozitatu gabe?
  • Tarteka transatlantikoaren irudipena; erabakiak hartzeko konplexutasuna.