Ireki eta konpaktatu

Erabiltzailearen aurpegia Sanagustin kulturguneak 10 urte 2021ko mai. 29a, 11:25

Kultur artikulazioari buruzko nazio jardunaldi mamitsua izan zen atzo, Sanagustinen. Zazpi lagunek hitz egin zuten. Kulturgunea bete egin zen.

Antolatzaileen eta Sanagustin kulturgunean izandako 80 lagunen (bete egin zen) iritzira, oso ondo atera zen atzo Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola nazio jardunaldia: mamia hitzaldietan, askotariko edukiak, saioaren erritmo ona… Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak eta Jakin fundazioak elkarrekin antolatutako saioa izan zen, 10. urteurrenaren barruan.

Lorea Agirre Jakineko zuzendariak egin zituen aurkezpen eta sarrera lanak. Azaldu zuen artikulazio mota desberdinak daudela —udalerri batekoak, auzo batekoak, diziplina batekoak…—, baina denak direla interesgarriak eta garrantzitsuak.

Harkaitz Zubiri eta Maialen Akizu kultur adituak hasi ziren jardunaldiko hitzaldiekin. Kultura artikulatu, hobeto bizitzeko izan zuen lelo Zubiriren azalpenak. "Bizitzaren zentzua eta lilura galtzeko arriskua" dagoela eta, kultura litzateke horri aurre egiteko tresna, haren ustez, baina modu kohesionatu batean gauzatzekotan: "Espazioak sortu behar dira jendeak harremanak eraiki ditzan. Gakoa da bakarrik egin ezin duguna besteen laguntzarekin egin ahal izatea".

Akizuren hitzaldiak Femurra, haragia eta protesia izan zuen lelo. Kohesioaren garrantziaz mintzatu zen, eta etorkizuna aldarrikatu zuen: "Asko aipatu dugu kulturaren iragana. Baina ez dugu irudikatu bestelako mundu bat. Eta kulturaren zeregin handi bat da irudikapen berriak sortzea".

Bost esperientzia praktiko

Ondoren, bost esperientzia praktiko entzuteko aukera izan zen. Enekoitz Esnaola hasi zen, Azpeitiko kultur komunitate artikulatuaz. Esan zuen Uztarria Kultur Koordinakundearen sorrera (1998) mugarritzat jo daitekeela "komunitatea nor izateko" bidean. "Guk erabaki egin nahi genuen, subjektu politiko bihurtu, eta elkarlanean bazen, hobe". Kultur Mahaia 2006an sortu zen, eta Uztarriak koordinakunde izateari utzi zion 2008an, kultur arloan aipatutako mahaia zelako jada espazio zabalagoa, eta Esnaolak nabarmendu zuen izaera berarekin segitu zutela lanean kulturaren eremuan ere.

Ihintza Orbegozok Durangoko herri dinamika: Plateruena ta gero zer? gaia izan zuen hizpide. Kafe antzokia itxi berri da, zailtasun ekonomikoak medio, baina berriro irekitzeko asmoa dute. Oraingoan, ordea, "Plateruena kulturgunea" izango da. Sormenean eta kultur plaza izatean jarriko dute indarra, ez hainbeste ostalaritzan —tarteka egongo da irekita—. "Proiektu herritarra" egin nahi dute, eta herritarrekin prozesu bat egiten ari dira; "harrera ona" izan dute orain arte.

Eneko Gorri Euskararen sarea ehunduz, Baiona-Angelu-Biarritz hiri eremuan gaiaz aritu zen. Mintzalasai egitasmoaren bidez, ikusi dute euskararen aldeko espazioak zabaldu egin direla, "elkar ezagutza eta sarea" sortu direla, eta horretan jarraitzeko dei egin zuen. "Baina ireki eta konpaktatu egin behar da, eta berriro gauza bera".

Bertsozale Elkartea: aniztasuna artikulatzen gaiaz jardun zuen Miren Artetxek. 1987an Euskal Herriko Bertsolari Elkartea, Bertsozale Elkarte izatera pasatu zen, eta horrek irismen, zabalkunde eta eragin handiagoa izatea ekarri zuen, Artetxeren arabera. Euskal Herri osoan dago antolatua elkartea, eta tokian tokikoen iritzia kontuan hartzea ezinbesteko deritzo.

Ihitz Iriart-ek, berriz, Komunitatea, kultura eta euskara uztartuz, Alozetik Iruñera izan zuen hizpide. Haren esanetan, oso egoera desberdinak dira Zuberoako eta Iruñekoa, eta jakin behar da tokian-tokian jokatzen, "batean balio duenak ez baitu bestean balio". Euskara eta euskal kukturaren alorretan jendea eta eragileak biltzearen garrantziaz aritu zen.

Jardunaldiaren hasieran Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Ignacio Arakistain Herri Batzordeko kideak agur bana egin zuten. Alkortak herriko kultur komunitatearen lana aitortu zuen. "Elkarlanean egiten direnean gauzak, indarrak biderkatu egiten dira. Hori erakutsi du Azpeitiko kultur mugimenduak azken urteotan". Arakistainek adierazi zuen 10. urtemugan "etorkizunerako begirada bat" ere baduela Herri Batzordeak.

Udazkenean kultur artikulazioaren jardunaldiaren ondorioak plazaratuko dituzte Herri Batzordeak eta Jakin-ek.

Atzoko jardunaldiaren ostean, 49 lagun geratu ziren Sanagustinen bazkaltzen, eta kafe garaian solasaldi informal bat egin zuten denen artean.

Hemen, atzoko jardunaldia osorik jasotzen duen bideoa:

Egitaraua, aurrera

Sanagustinen 10. urteurreneko egitarauak aurrera jarraitzen du. Bihar arte, kulturgunearen atarian jarritako bost zuhaitzetan azken 10 urteetako argazkiak daude ikusgai. Azpeitiko kultur mugimenduaren sustraiak eta emandako fruituak nabarmendu nahi dira.

Ekainaren 18an Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala izango da; ekainaren 25ean Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldia —hor ere kaleratuko dira ondorioak, udazkenean—, Sanagustinen; eta uztailaren 24an, 10. urtemugako ekitaldi ofiziala, Sanagustinen.

Bide batez, 10 urte hauetan Sanagustinen bizi izandako esperientziekin herritarrek bidalitako argazkiekin erakusketa martxan da kulturgunean duela bi astetik. 300en bat argazki daude dagoeneko. Irudiak bidaltzeko: sa10urteargazkitan@gmail.com eta (Whatsapp) 674165682

Berria-ren kronika

Naiz-ren kronika eta, zerbait garatuago, Gara-rena

Uztarria-ren bideoa, saioaren atarian egindakoa