Sanagustineko bizipenekin argazki erakusketa, martxan

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2021ko mai. 14a, 17:14

Momentuz, 80 bat irudi daude jarrita, eta asmoa da osatzen joatea, herritarrek ale gehiago bidali ahala. Aukerak: sa10urteargazkitan@gmail.com eta Whatsappeko 674 165 682.

Sanagustinek 10 urte bete ditu, eta modu grafiko batean erakutsi nahi da han bizi izandakoa, herritarren beraien argazkien bidez: haien jatorduak, bestelako juntadizoak, umeen jolasak... Beraz, ekinbidearen antolatzaile Azpeitiko Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak herritarrei dei egiten die jarraitzeko beraien bizipenei buruzko argazkiak bidaltzen.

Bi modu daude argazkiak bidaltzeko: sa10urteargazkitan@gmail.com e-posta helbidea eta Whatsappeko 674 165 682 zenbakia.

"Denon artean osatuko dugu mosaiko handi bat", esan du Herri Batzordeak, prentsa ohar batean.

Uztailaren 24ra arte iraungo du erakusketak.

Jardunaldirako izen-ematea zabalik

Herri Batzordeak maiatzaren 28rako kultur artikulazioari buruzko nazio jardunaldia antolatua dauka, Jakin Fundazioarekin batera, eta zabalik segitzen du izen-ematea, hilaren 20ra arte. Doan da apuntatzea. Hain zuzen, bestehamaikabizitzeko@gmail.com helbidera idatzi behar da izena emateko. Sanagustin kulturgunean izango da jardunaldia.

10. urtemugako programazioa uztailaren 24ra bitartekoa izango da. Herri Batzordeak maiatzaren 3an aurkeztu zuen. Zehazki, aipatutako argazki erakusketa da lehen ekinbidea.