Laugarren kapsula, Jose Luis Otamendi

Erabiltzailearen aurpegia Sanagustin kulturguneak 10 urte 2021ko api. 15a, 13:47

Kulturari eta harekin lotutako kontuei buruzko gogoetekin, ikus-entzunezko laburrak argitaratzen ari da Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko Herri Batzordea.

Jose Luis Otamendi idazlea Azpeitiko kultur mugimenduari edota kulturarekin lotutako kontuei buruzko gogoeten laugarren kapsulako protagonista. Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko Herri Batzordeak martxoaren hasieran ekin zion bideo laburrak argitaratzeari, eta hilean pare bat egitea da asmoa. Batez ere, kultur sortzaileei egindako bideoak izango dira, minutu batekoak-bikoak, eta, haien artean, azpeitiar eta herriko kultur ekinbideetan aritutako kanpoko batzuk mintzatuko dira, zenbait kasutan poema bat errezitatuz, musika instrumentu bat joz...; artistaren arabera.

Jose Luis Otamendi (Azpeitia, 1959) poeta nahiz idazlea da, eta hari eman zaio hitza laugarren kapsulan. Otamendik hainbat poesia liburua argitaratu ditu, hala nola Disoluzio agiriak (Susa, 2019) eta Kapital Publikoa (Susa, 2019).

Honako hau da Otamendik kapsularako idatzitako poema:

"Nire hitzen bila hasten naiz besteren ahoan
eta inoren oinak bilatzen ditut zapata hauen barruan
baina huts egiten dut gehienetan;
nor izan behar honek dakartza nekeak
nor izan nahi honek bai urtsu dituena ertzak…
non amaitzen da norbera
eta non hasten bestea
 
eskerrak badiren elementuak
elkarrengana gerturatzen gaituztenak,
dela jatorrizko duintasuna
direla minak, pozak
dela guztion zainetan dabilen odol berdinzalea:
beti darama ibai ezkutu bat bihotzak
(arrainak promesak igeri ari den jendea)
 
nire hitzen bila hasten naiz besteren ahoan
inoren oinak bilatzen ditut nire zapatetan
eta huts egiten dut gehienetan;
baina askatasuna neurea bakarrik bada
zertarako izan da hainbeste milioi jenderen
hainbeste mendetako borroka,
neuretzat bakarrik bada nire gorputza
beti egongo da preso nigan humanitatea…
 
munduko herririk handieneko herritar
egiten gaitu elkarren premiak,
ibai sakon bat mugitzen hasten da
(arrainak promesak igeri dabilen jendea)
hobeto ulertu nahi ditut
inguruko gauzak eta pertsonak,
norbait datorrenean jakin zenbat ohe jantzi
zenbatentzat jarri behar dugun mahaia…
zenbaten pozak, zenbaten minak;
non amaitzen da bestea
eta non hasten norbera".
 

10. urtemugako blogean ez ezik, sare sozialetan, YouTuben edota Soreasuko zinema emanaldien aurretik ere ari da kapsulak eskaintzen batzordea.

Hauek dira aurrekoak:

1.- Iraia Bereziartua biolin-jotzailea (martxoak 4).

2.- Igor Elortza bertsolaria (martxoak 18).

3.- Alaitz Olaizola antzerkigilea (apirilak 1).