Sanagustineko uneekin argazki mosaiko erraldoi bat osatu nahian

Erabiltzailearen aurpegia Sanagustin kulturguneak 10 urte 2021ko ots. 11a, 10:12

Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrenaren harira Sortutako Herri Batzordeak argazki erakusketa bat atondu nahi du. 10 urteotan kulturgunean bizi izan ditugun hainbeste une gogoangarrien argazkiak bildu eta konpartitzea da gure nahia. Argazkiak sa10urteargazkitan@gmail.com helbidera edo 674 165 682 Whatsapp zenbakira bidal daitezke.

Une bat hainbat iruditan adierazi daiteke eta hamar urte milatan. Sanagustin Azpeitiko kulturgunearen 10. urteurrenaren harira memoria kolektiboa bilduko duen argazki erakusketa bat atondu nahi du urtemuga ospatzeko sortu den Herri Batzordeak, denen artean osatutako argazki mosaiko erraldoi bat. Herritar bakoitzaren –Azpeitiko nahiz kanpoko– eta guztion istant izoztuez berotu gure memoria kolektiboa. Horretarako, 10 urteotan kulturgunean bizi izan ditugun hainbeste une gogoangarrien argazkiak bildu eta konpartitzea da gure nahia, erakustea, norberaren oroitzapen pertsonaletik kontakizun anitza eta zabala irudikatzea.

Mugikorrak dira gure egungo erretina eta badakigu norberaren sakelekoetan argazki eder mordoa dugula pilaturik. Ez dugu argazki perfektua topatu nahi, ez eta betiko protagonistak soilik oholtzan erakutsi nahi. Zure argazki pertsonal hori nahi dugu, Sanagustin bizitzeko zure modua erakutsiko diguna. Gogoratzen lagunekin gozatu genuen kontzertu eder hartaz? Eta lehengusuekin trago bat hartu genuenekoa? Zein polita gure alabak lehen pausoak bertan eman zitueneko argazkia, eta leher egin arte dantza egin genueneko oroitzapena...

Erakutsiko al diguzu zure bizitzaren ederra Sanagustinen?

Zure argazkiak jaso nahi ditugu. Hona bidali argazkiak, nahi adina:

  • E-postaz: sa10urteargazkitan@gmail.com helbidera.
  • Whatsappez: 674 165 682 zenbakira.

Udaberrian zabaldu nahi dugu erakusketa, Sanagustinen bertan, eta sarean ere ikusi ahal izango dira argazkiak.

Pasa den urtarrilean eman genuen Herri Batzordearen berri, eta joango gara egitarauaren berri ematen, betiere osasun egoera kontuan hartuta.