'Irrintziaren oihartzunak' filma eskainiko du Paradisu Zinemak bihar

Erabiltzailearen aurpegia Paradisu Zinema 2019ko mar. 26a, 12:03

Paradisu Zinema zineklubak Irrintziaren oihartzunak film dokumentala eskainiko du bihar, asteazkena, Soreasu antzokian, 21:00etan hasita. Iratxe Fresnedak zuzendutako ikus-entzunezkoa da bihar ikusgai izango dena. Mirentxu Loyartek (Iruñea, 1938) sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia kontatzen du Irrintziaren oihartzunak filmak. Loyarte Europako zinemagintzaren aitzindari ausarta da, haren izena ezagun egin ez bada ere. Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da Irrintziaren oihartzuna; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena.