Koldo Almandoz zuzendaria Paradisu Zineman izango da bihar, 'Sipo phantasma' ikus-entzunezkoa aurkezten

Erabiltzailearen aurpegia Paradisu Zinema 2017ko api. 5a, 15:24

Bihar, apirilak 6, Sipo phantasma film-dokumentala aurkeztuko du Koldo Almandoz zine zuzendariak, Paradisu Zinema Azpeitiko Zineklubean, 21:00etan hasita. Bi astean behin, ostegunetan, ikus-entzunezko bat eskaintzen du zineklubak, eta iazko azarotik pertsona ezagunei filmak aukeratzeko parada eskaini diote. Ander Lipus eta Anari izan dira, esaterako, orain artean filmak aukeratu eta ondoren horietaz solastu diren gonbidatuak.

Biharkoan Koldo Almandozek berak aukeratutako eta berak zuzendutako filma eramango du Soreasu antzokira: Sipo phantasma. Ordubeteko itsas-bidaia bat da, zinemagile banpiro baten saiakera metafilmikoa, film fantasma bat. Aurkitu eta berriz bilatzera daramaten bilaketen istorio bat. F.W. Murnau eta haren Nosferatu filma; Bram Stoker-en, Florence Balcomberen eta haren mutil-lagun Oscar Wilderen arteko maitasun-hirukotea. Naufragio ezagunak, itsasontzi batean emandako oporrak. Hilobi batetik lapurtutako bustoa, historiari eta zinemari buruzko gogoetak. Fikzio gotikoa, errealismo dokumentala eta bideo-saiakera ezkutatzen duten errusiar panpin batzuen historia. Kontakizun baten collagea: liburu-zatiak, eskutitzak, txostenak, iragarkiak, telegramak, prentsako artikuluak, film zatiak, txotxongiloak. Ispilu-jolas bat, benetako eta fikziozko banpiroak biltzen dituena: bakardadea, gizagabetzea eta gizarte-kontrola. Eta erdigunean, Drakula nobela; haren protagonista, haren egitura, haren funtsa. 

Sarrerak aurrez eros daitezke 4 eurotan, www.kulturaz.eus/zinea webgunean.