'I, Daniel Blake' filma eskainiko dute bihartik zapatura, Paradisu Zinemak eta Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Paradisu Zinema 2017ko ots. 22a, 12:48

Bihar, otsailak 22, I, Daniel Blake filma eskainiko dute Paradisu Zinema Azpeitiko zineklubak eta Elkar-ekinek, 21:00etan hasita, Soreasu antzokian. Baina zineklubak antolatzen dituen zine emanaldiak ez bezala, I, Daniel Blake pelikula hiru egunetan emango dute. Izan ere, aste honetako proiekzioa berezia da, zineklubak eta Elkar-ekinek antolatu baitute, elkarlanean.

Iaz, zine sozialaren inguruko zikloa abiatu zuten Paradisu Zinemak eta Elkar-ekinek, gai sozialak zinearen bitartez lantzeko xedearekin. Aurten, berriro heldu diote elkarlan horri, eta aste honetakoa da antolatu duten aurreneko proiekzioa. Elkar-ekinen helburuetako bat da gai sozialak gizarteratzea, herriko hainbat eragileekin batera egitasmo ezberdinak antolatuta. 

I, Daniel Blake drama sozial generoko filma da, 2016an Erresuma Batuan ekoiztutakoa. Danie Blake 59 urteko igeltzeroa da, eta bere bizitzan aurreneko aldiz zerbitzu sozialetara jotzen du bere bihotzeko arazoak direla eta. Medikuak lan egitea galarazi badio ere, administrazioak bestelako lan bat bilatzera derrigortuko du. Blake lan bila dabilela Rachel ezagutuko du, arazoak dituen bi umedun ama banandu bat. Administrazioaren traba burokratiko guztiekin zoratu beharrean, elkarri laguntzea erabakiko dute.

Ostiralean eta zapatuan, hilaren 24an eta 25ean, 22:00etan hasita eskainiko dute I, Daniel Blake filma, Soreasu antzokian.