Anarik aukeratutako 'Nader y Simin, una separacion' filma eskainiko dute bihar, Paradisu Zineman

Erabiltzailearen aurpegia Paradisu Zinema 2017ko ots. 8a, 11:37

Bihar, otsailak 9, Nader y Simin, una separacion filma eskainiko du Paradisu Zinema Azpeitiko zineklubak, 21:00etan hasita, Soreasu antzokian. Berrikuntza bezala, pertsona ezagunei filmak aukeratzeko aukera ematen hasi ziren joan den azaroan Parasidu Zinemako kideek, eta biharkoa Anari musikari azkoitiarrak aukeratutako filma da. Hala, Anarik egingo du filmaren aurkezpena, eta emanaldiaren ondoren egingo duten solasaldian ere parte hartuko du. 

Nader y Simin, una separacion drama generoko filma da, Asghar Farhadik zuzendutakoaNader eta Simin alaba bat duten senar-emazte iraniak dira. Siminek Iranetik ihes egitea nahi du bizitza hobe baten bila, baina Naderrek bere aita zaintzen gelditzea erabakitzen du, Alzheimerra duelako. Emazteak dibortzioa eskatu eta gurasoen etxera joango da bizitzera. Senarrak berriz, aitaz kargu egingo den neska bat kontratatzen du. Laguntzaileak egindako axolagabekeria batek gatazka handia sortuko du.

Iranen ekoiztutako filma da Asghar Farhadi zuzendariaren pelikula hau. Mahmoud Ahmadinejaden Gobernuak arbuiaturiko zuzendari iraniarrei elkartasuna adierazteagatik –tartean Jafar Panahi –, filmaren errodajea gelditzera behartu zuten Farhadi. Halere, oztopoen gainetik, nazioarteko hainbat sari esanguratsu irabazi ditu, Berlingo zinemaldian pelikula onenaren Urrezko Hartza, esaterako.

Sarrerak aurrez eros daitezke 4 eurotan, www.kulturaz.eus/zinea webgunean.