Iritzia

Despedidak

Erabiltzailearen aurpegia Paola Moto 2021ko uzt. 29a, 08:32

Paola Motok 2021eko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ekainaren 18a. Hemen nago, bi hilabetetik behin idazten ditudan artikulu hauei agur esaten. 27 urte ditut, eta bestelako agurrak ere iritsi dira. Joan den astean izan nuen lehen 'despedida'. Kuadrillako lehenengoa ezkontzen zaigu. Denetan gazteena eta panpinena dirudiena.

Agur esan ezkongabetasunari. Duela urte gutxi batzuk buruan genuen azken gauza zen, baina badirudi dena iristen dela, eta ustekabean harrapatu gaitu batzuk. 11 gara taldean. Baten batzuoi burua lehertzen zaigu gertukoak ezkontzen direla ikustean, haurdun daudela jakitean, etxeak erosten dituztela entzutean... Baina inguruan hori usaintzen da; gero eta gehiago, gainera.

Zer esan nahi du urteak betetzeak? Bizitza perfektua izan eta gizarteak ezarritako kanonak bete behar ditugula guztiok? Ezkondu, etxea erosi, familia osatu... Ezin dut ulertu aurrekoek emandako pausoek zergatik eragiten diguten presioa, baina ezin dut ukatu nik neuk ere sortzen diodala neure buruari presio hori. 'Berandu' noala sentitzen dut, nire gertuko zenbaitek pentsatuko duen bezala.

Zergatik? Eta ezin badut ezkondu? Eta ezin badut etxea erosi? Eta ezin badut umerik izan? Kanon horiek zertarako balio digute? Bizitza normalak normalak ez direla esateko, besterik ez. Agur kanonei, agur bizitza idealari. Hori baino gauza gehiago daude zer den 'ideala' definitzeko eta.

Gaitik alde egiten ari naiz. Ekainak 12. Hamar lagun herriko plazan bildu, ezkontzera doana mozorrotu eta plazan txoro haizea lagun ibili ondoren, bagoaz autoetan Kantabria aldera. Gazteako esatariari iritsi zaio gure txoro haizea (autopilaketen kulpa), eta lortu dugu eskatutako kanta jartzea.

Asteburu osoa guretzat, eta gure lagunarentzat. Kostatu da dena antolatzea. Baina, orain, bizitza ospatzen gaude. Aspaldiko partez, herritik irten eta parranda egin, barre, dantza, megafonoak martxan, zakilak, kartelak... dena dantzan! Baita eztarriak ere!

Bueltan gatoz, gidariak autoaz nazkatuta. Baina pasatu dugun asteburua ezin esan azken bi urteetako onena izan ez denik. Merezi izan du, despedidak merezi izan du.

Lehenak omen dira onenak, eta lehena iristean beste denak atzetik jarraian etortzen direla esan digute. Zein ote da hurrena? Egongo ote da? Umeak tartean, agian? Etortzen dena etortzen dela, kuleroak buruan eta ibili munduan!

Mila esker irakurtzeagatik, eta hurrengora arte.

"Baina berdin du jada nik ez zaitut maite bila ezazu beste bat eta ikusi arte..." (Berri Txarrak).