Iritzia

Lore sortak edo zeozer...

Erabiltzailearen aurpegia Paola Moto 2021ko eka. 2a, 08:12

Paola Motok 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zergatik bateratzen ditugu loreak eta maitasuna? Bizi bat munduratzerakoan amari egiten zaion oparia da loreen esanahi polita; horrela egiten dugu aurrera bizitza honetan ere, lorez inguraturik. Momentuak politago egiten dituzte loreek, ez dut ezezkorik esango, baina apaingarriak besterik ez dira, azken finean.

Batzuetan, harremanen katebegiak direla iruditzen zait. Lore sorta oparitu eta pixka baterako bikotekidearekin konplituta bezala gelditzen gara. Nolabaiteko itsutze efektua eragiten dute loreek zenbaitengan, opariaren edertasunak sortutako lilurak itsutuko balitu bezala, eta horri eutsiz, ematen du harremana kate soltaezin bilakatzen dutela.

San Valentin eguna (egun horren inguruan beste artikulu bat hurrengorako); erakusleihoak lorez, bihotzez, era eta forma guztietako bonboiz eta abarrez beteta... Oso erraza da herriko loradendara joan eta 30 euroren truke lore sorta bat erostea. Zaila, ordea, opariaren atzetik benetan dagoena ez estaltzea.

Aspaldiko ohituratzat dut, eta zaharkitua dagoela iruditzen zait. Amorrua diodala uste dut loreak oparitzeari, duen izaera erromantikoagatik. Harremanen benetakotasuna eta oinarriak loreen edertasunekin eklipsatuta geratzen dira askotan. Loreak ez dira errudunak, estalkiak baizik.

Harremanek irauteko ez da lore sortarik behar. Maiteminduta bazaude, lore sorta ez den beste zerbaitekin harritu dezakezu ondokoa. Aitzakia hutsa iruditzen zait opari hori. Nabarmena da ez zaizkidala gehiegi gustatzen. Zergatik ez azaldu ondokoarengana guretzako baliagarria izan daitekeen beste edozerekin? Edo, besterik gabe, errutina goxo eta eder bat sortu bion gustuko ekintzekin? Zergatik ez egin afari eder bat, besarkada goxo bat eman, asteburu pasa eder bat elkarrekin... Neskek, emakumeok, ez ditugu behar loreak maitasun ikur gisa.

Txintxua Filmsen lanean, Quebrantos film laburrean zehazki, Ziortza Linaresi Euskadi Irratian egindako elkarrizketaren zatiak entzuten ditugu. Eraso sexistak jasandako emakumea da Linares, eta testigantza erreala kontatzen digu, lehen pertsonan; hori entzuteak barruak mugitzen dizkit. Nekea, beldurra, amorrua, nazka ematen dit. Ziur nago gizon horrek ere lore sortak oparitu izan dituela, baina seguru maitasuna nekez goxatu izan duela.

Kontua ez da loreak oparitzea. Kontua da, loreak hazteko eta horiek bizirik irauteko, ureztatu egin behar direla. Argia eta epeltasuna behar dituztela. Musika eta goxotasuna. Guk bezalaxe.

"Gure begiek loreak eman arte" (Nogen).