Iritzia

Lehen lerrotik bezala

Erabiltzailearen aurpegia Paola Moto 2020ko abe. 15a, 08:29
Berri Txarrak Sanagustinen. (Alberto Beloki)

Paola Motok 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

2020ko azaroak 1. Burura datorkidan lehen gauza da orain dela urte batzuk lagunekin Salamancara eginiko bidaia. Hara iritsi eta Halloween gaua ospatzen zutela jakin genuen. Maletako trapu beltzak soinean eta pareko dendako osagarriak gainean hartuta eguna argitu arte kalean ibili ginen gau horietako bat izan zen, ordutegirik gabe, askatasunak mugarik ez zuen garai hartan.

Hori aipatuta, tabernetan lagun genuen musikari erreparatuko diot. Gogokoen dugun abesti berrienetik adinik gabeko kantuei. Erritmoari. Gauari bizia ematen zioten taupadei. Dantza eta abesti bakoitzari, hanka azpiko minari... Besterik gabeko gozamenari.

Musika asko gustatzen zait; kontzertuetara joatea are gehiago. Aske sentiarazten nau. Irudimenari bidea libre uzten diot musika entzuten ari naizenean. Hitzek askotariko momentuetara eramaten naute; askotariko toki ezezagunetan kokatzen naiz, egoera zaharretan nahiz berrietan.

Lehen, musika zuzenean entzuteko –zure 'heroiak' aurrez aurre ikusteko– aukera bakarra zen kontzertuetara joatea. Orain, grabatutako mila kontzertu daude eskura edozein sare sozialetan. Egungo egoera dela medio, streaming bidezko kontzertuak ere indarra hartzen ari dira.

Faltan sumatzen dut gustuko talde baten aurrean salto egitea, oihu egitea, ondoko laguna besarkatzea, irribarre egitea, baita malko bat erortzea ere. Zirrarak sentitzea eta emozionatzea. Moztu diguten zerbait da hori, eta "zergatik?", galdetzen diot sarri neure buruari. Erantzunik aurkitu ez, ordea. "Noiz arte?". Eta erantzun berbera.

Kontzertuak 'bizitzeko' modu honek ez du lehengoaren antzekotasunik. Non daude izerdi horiek guztiak? Galdutako ahotsak? Arima urratuak? Etxetik jarrai ditzakegu, bai, baina berotasunak ihes egiten du. Konexioa galtzen da.

Kultura ekitaldietan COVID-19 gaitzaz kutsatutakoak gutxi izan dira, baina hartu diren neurrien aurrean, kultura baliorik ematen ez zaion esparru bat dela hauteman dut. Hori bai, etxean egon garenean, gehien kontsumitu duguna kultura izan da. Arnasa falta zitzaigunean oxigenoa eman diguna kultura izan da, barruak epeldu dizkiguna eta errealitatetik ihes egiteko bidea eman diguna. Guztioi.

Ez dut COVID-19aren inguruko artikulu bat idatzi nahi, baina bizi dugun errealitatearen aurrean ezinezkoa zait paragrafo hauetan aipamenik ez egitea.

Besterik gabe, neurriak neurri eta segurtasuna bermatuta, zuzenean zein etxetik, kontzertu bateko lehen lerroan egongo bazinate bezala senti zaitezte!

"Aske zarete libre zuen kaiola erraldoietan" (Berri Txarrak).