Bosgarren lerrotik

Erabiltzailearen aurpegia Paola Moto 2020ko abu. 29a, 09:23

Paola Motok 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urte hasieran, ikus-entzunezkoen kontsumoaren inguruko hitzaldi batera bidali ninduten, lanetik. Ordura arte, ez nengoen asko pentsatuta edo hausnartuta gai horren inguruan.

Egin zizkiguten lehen galderak honako hauek izan ziren: "Astean edo hilean zenbatetan joaten zara zinemara? Zenbat plataforma digitaletan zaude izena emanda?".

2005ean, Youtube iritsi zenean, telebistak eta zinemak ikuslearen arreta bereganatzeari utzi zioten. Gerora, streaming plataformak iritsiziren: Netflix, HBO, Amazon Prime, Filmin eta abar.

Garbi dago ikus-entzunezko produktuen kontsumo ohiturak gero eta zabalagoak eta pertsonalizatuagoak direla. Badira etxeko sofan ez ezik, garraio publikoan ere kontsumitzen dutenak, baita kiroldegiko bizikletaren gainaldea telesailak ikusteko aprobetxatzen dutenak ere. Nork esango zien Lumiere anaiei egunerokotasunean esku artean ditugun gailuak baliatuta, edozein tokitan, edozein ordutan, nahi genuen guztia ikusi ahal izango genuela? Gustuko telesail, film, dokumental bat, eta horiek guztiak koloretan, gainera?

Gazteek, eta ez hain gazteek, gero eta barneratuago dute ez dutela erlojuaren menpe egon beharrik etxera heltzeko eta nahi dutena ikusteko. Izan ere, gaur egun, eskura dugu Nahieran edo streaming plataformetako aukera amaigabea –bai Interneten, bai telebistan–, galdutako edozein eduki norberak nahi duenean eta nahi duen erara ikusi ahal izateko.

COVID-19a dela medio, zinemak duen magia murriztu egin da. Geure herrian bertan, hilabeteak dira zinemara joan ezin garela. Udako denboraldiarekin bat egin du, gainera, pandemiak, eta iraila bitartean hiriren batera joan ezean, gailu horiek erabili beharko ditugu filmak ikusi ahal izateko. Dena dela, egia esan, asko gara kontsumo digitalaren truke hilean ordaintzen dugun kuotatxo horri etekina atera diogunak momentu honetan, eta zinefilo askorentzat besterik izan ez bada ere, arnasbide suertatu dira gutako bat baino gehiagorentzat.

Gu gaztetxoagoak ginela, igande arratsalderoko plana izaten zen goxokiak erosi, Soreasu zaharreko zinemako ilaran egon eta momentuko filma ikustea. Orain, ordea, zer dugu nahiago: areto horrek duen lilura bizi edo edozein euskarritatik kontsumitu?

Egunerokotasunean gizarteak duen erritmo orokortu edo errutina lanpetu honek film bat ikusteak eskatzen duen arreta ezin mantendu ahal izatea ekarri digu. Egun, nork eskaintzen dizkio bi ordu zinemako butakan eseri, eskuko telefonorik gabe egon eta film bat ikusteari?

Aukerak infinituak diren arren, argi dago ez dagoela gustuko film bat zinema aretoko bosgarren lerroan ikustea baino sentsazio hoberik.