Euskaraz kantatu (edo ez)

Erabiltzailearen aurpegia Pako Aristi 2021ko abu. 2a, 16:41

Pako Aristik euskaraz abestearen inguruan Berria egunkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zestoako Danbolin aldizkarian iritzia galdetu zidaten Euskal Herriko sortzaileek gazteleraz edo ingelesez kantatzeko duten joera berriari buruz. Horretan akulturizazioa ikusten nuela erantzun nien, kontzientzia nazionalaren galera bat, hizkuntzarekiko atxikimendu falta. Euskararekiko gutxiespen bat, nazioarteko hizkuntza estatusa ukatzen diona.

Baina gaztea izan naiz ni ere, eta orduan ez nukeen halakorik esango. Pentsamendua bizitzan daramagun eboluzioarekin batera aldatzen da, eta denok oro har leku beretik abiaturik ere, hau da, gizartean hegemonikoa den balore-sorta baten sabeletik, arras jomuga ezberdinetara irits liteke gure pentsamendua.

Garaitsu berean Izaro kantariari elkarrizketa interesgarri bat egin zion Jon Pagolak Zazpika aldizkarian. Harritu ninduen lehen gauza izan zen "Estatua" aipatzen dela lau aldiz, horrela, letra larrian, generikoki, ontzat emanez euskaldunon estatua Espainia dela. Eta estatuan sekulako harrera izan duela eta, Izarok dio: "Beti izan da nire helburuetako bat Estatu mailan ere aritzea. Beste edozein artista bezalakoa izan nahi nuen eta oso pozik nago; horrek zoriontsu egiten nau (...)". Izan ere, Izaroren Eason diskoa Estatuko 50 disko salduenen artean egon zen, eta azkena, berriz, Estatuko bigarren diskorik salduena izan da.

Eta hari ere hizkuntzen auziaz galdetu zion kazetariak, zergatik kantatzen duen euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Izarok dio esaldi bat edo hitzen bat bueltak ematen hasi eta horrek hizkuntza batera edo bestera eramaten duela, ingelesa gertuko duela, asko kontsumitu duen hizkuntza, baina bukatzen du esaldi borobil batekin: "Oinarrian, musika bera da hizkuntza". Hala ere, zaleek zer pentsatzen duten horretaz, galdetzen dio kazetariak, eta Izaro deseroso ageri da: "Oso gai astuna da. Seguruenik, nire karrera musikalaren alderdirik goibelena hori izan da. Sormena sormena da. Pena ematen dit kantu bat entzun beharrean gauza jakin bat entzuten egotea. Barruan gelditzen zaidana zera da, 'kantua gustatu zaizu? Bai ala ez?'. Batzuentzat gehiegi abesten dut gaztelaniaz eta beste batzuentzat gehiegi abesten dut euskaraz». Halere, bere hizkuntza-hautaketak mina ekarri dio: «Nik super naturalki abesten dut dakizkidan hizkuntzetan. Konplexuak sortu dizkidate konplexurik ez nuen lekuan eta lan handia egin behar izan dut berriro konplexua kentzeko".

Jarraitu artikulua irakurtzen Berria egunkariaren webgunean.