Esnaera

Erabiltzailearen aurpegia Pako Iriarte 2020ko ira. 26a, 03:28

"Guztiz gaixotutako gizarte batera ongi egokiturik izatea ez da osasungarria". Krishnamurti.

Estatua eta administrazioa herritarron eskubideak babesteko eta bermatzeko dira. Eskubideak gizabidean oinarritzen dira. Jose Migel Barandiaran jaunak zioen. Euskaldunon gizabidea, humanismoa, elkarrenganako maitasunean dela, eta elkarrenganako maitasunik gabe, ez dagoela justiziarik. Orduan, gizaki izatetik gauza izatera mugatzen gara. 

Gogoan ditut. Barka erruak.1975ko irailaren 27an, ez zen jenda askorik Azpeitiko kaleetan. Dena itxirik zegoen. Land Rover berdeak bueltaka, hori bai. Oinez Nuarbera joan ginen lagun batzuk arratsalde aldera, eta taldetxo bat zain izan ginen bertan. Kazetari bakar bat iritsi zen, emakumezkoa, Beizama aldetik, eta galderak egin zizkigun. Lekua eta Angel Otaegi zenaren gorputza zekartela egiaztatzea nahi zuen. Halako batean, Azpeiti aldetik guardia zibilen autobus bat iritsi eta sarrerako bidegurutzean gelditu zen. Eliza inguruan ginen; aurrera egin eta beraiengana joan ginen. Jaisten ari ziren, eta batek gelditzeko agindua eman ondoren zera esan zigun: esanak jarraitzeko eta ez zela ezer gertatuko. Geroago iritsi zen gorpua, eta sendikoei bakarrik utzi zieten hilerrira igotzen. Inguruko zelaietatik inguratu ginen, baina armadun haiek izan genituen tartean. Azpeitira itzuli ginen, eta, plazara iristean, manifestazioa hasi zen. Lagun gutxi batzuk eta benetako oihu bakarra: "Askatasuna, askatasuna...". 

Urteak igaro dira ordutik, eta gaitz berak jarraitzen du. Lehen bezala, orain ere agintarien aginduak bete behar dira; nahiz eta giza legearen aurkakoak izan. Oraingo honetan, agintariak eta agintari asmotan diren denak bat eginik ditugu. Alderdi guztiak bateratu dira. Ongi dago elkarlana, baina elkarlana herritarron eskubide murrizketa eta tratu txarrak emateko dela esango nuke. Balizko osasunaren izenean, giza lege nagusiak kontuan izan gabe ari dira.

Osasuna ez da bete beharreko zerbait, gehienez eskubidea da. Medikua aukeran izan behar dugu “aholkua” jasotzeko, eta geure aukeran, askatasunean, bakoitzak erabaki zer egin.  

Mundu mailako nagusikeria eta beldurra dira gaitzak. Hau guztia oso goitik datorkigu. Dena kontrolpean izan nahi dute, gizakion artekoa ere harrapazkakoa dela ohar gaitezen. Mundu hau usteltzen ari da, eta, orain, abidadura bizitu egin da. Ustelari eta urrutira ez egon begira, lotan. Aurrean eta esku artean duguna maitatzen saia gaitezen. Esnatu. Izan gaitezen ikusi nahi dugun aldaketa. Duintasuna berrezkura dezagun. Dena behetik gora hasten da... Era bakarra dela esango nuke.

Oharra: 1975ean gehienak beldurturik ziren etxean. Ausartu gaitezen, gure ondorengoek eskertuko digute.