Asuna edo menda-belarra

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Aguado 2019ko mar. 12a, 10:33

Olatz Aguadok Uztarria aldizkariaren 2019ko martxoko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Gure afizioetarako denbora gehiago behar genuke; gure lana behar bezala egiteko, abiadura jaitsi; hausnartzeko, isiltasuna baliatu; aberasteko, bidaiatu; irakurri; solasaldi luzeak izan; batekin eta bestearekin tearen edo kafearen inguruan komentarioak tartekatu... Edo, beharbada, ez da denbora falta zaigun bakarra, ezta? Ze besteen bizitza Instagramen kuxkuxeatzeko astia hartu, hartzen dugu. Bidaiatu ere, batzuek gehiago beste batzuek baino, baina egiten dugu. Eta irakurri, gutxi gorabehera, ere bai.

Nik uste solasaldiena dela gutxien mantendu dugun joera. Eguzkiaren argia aldatzerainoko sobremesa haiek, bazkariak ia konturatu gabe afari bilakatzen ziren uneak, eta eskasten ari direnak. Eta paseatzea! Bidezidorrean konfiantza jarrita, eramaten uzten ginen uneez ari naiz; edo zakurrak bidea aukeratu eta hari jarraitzen genionekoez; edo lore batek edo paisaiak berak geldiarazten gintuzten momentu haiez.

Zergatik izan behar dute momentu horiek oporren bueltakoak? Ez ote dugu, bada, talenturik izango egunerokoan tartetxo horiei lekua egiteko? Nik ariketa fisikoari tartetxo bat egiteko erabaki irmoa hartua dut –urtea hasi denetik, dena esan behar bada–, baina momentuz, aitzakiak ari dira irabazten. Eskutitzak idazten masterra daukadan arren, urteak daramatzat urrutiko lagunei idatzi gabe. Hori ere, momentuz, ez dut bete. Baina ekinaren ekinez lortzea espero dut, asebetetze horrek benetan merezi duelako. Ez dira gauza bera e-posta bat edo eskutitz bat bidaltzea; edo mezu elektroniko bat jasotzea edo eskutitz bat jasotzea!

Norbere buruari opa

Urrutira joan gabe, Uztarriak emandako aukera honek, eskuz idazten ez dudan arren, hausnarketarako parada eman ohi dit hilero, bat-bateko hausnarketak idazteko aukera. Edo ZuriHartz sormen gunean Gorka Larrañagaren eskutik collage ikastaro trinko bat egiten hasi naizenetik, aparkatuta nuen eta ikaragarri betetzen nauen teknika berreskuratzeko aukera eman diot neure buruari. Edo tarteka marraztuz, edo etxekoekin eskulanak eginez... Uste dut norbere buruari opa behar dizkiogula horrelako momentuak eta tartetxoak, oporrak iritsi zain gelditu gabe. Orainak asebetetzen gaitu; besteek, kontaktuek, isiluneek, kafe batek, pazientziaz egindako gauzek, su epelean goxatutakoek. Finean, gauza xume bezain sinpleek.

Bizitzaren zelaian asunak bakarrik ikusi nahi dituena erre egingo da, seguru! Ez ahaztu asunaren ondoan beti menda-belarra dagoela, eta bataren errea baretzeko gaitasuna duela besteak. Beraz, egunerokotasunak ez gaitzala erre, eta gure barrenak baretzeko astia har dezagun berandu baino lehen!

Ez nuke amaitu nahi edonork geure baitan ditugun korapiloak aipatu gabe. Horiei ere beren momentua eman behar zaiela uste dut. Bakoitzak ikusiko du eta bilatu beharko du korapiloei aurre egiteko modua, eta erabaki beharko du nola eta noiz hasi hari muturrari tiraka. Baina aurreko aholkuak menda-belarren momentuko baretze efektuan geldi ez daitezen, lehenago edo geroago horiei aurre egiteko eta barrenak askatzeko, barkatzeko, onartzeko, konturatzeko aukera bilatu behar genuke, modu horretan norbera eta maite gaituztenak askatuko baigenituzke!