Non dira gure herrikoloreak?

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Aguado 2018ko urr. 22a, 13:35
(Ilustratzailea: Olatz Aguado)

Olatz Aguadok Uztarria aldizkariaren 2018ko urriko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Irailaren 15ean gustura ibili nintzen Azkoitian, azkoitiarrek txukun eta mimoz antolatutako Herrikoloreak egitasmoarekin. Gustura, azokaz, dinamikaz, kontzertuez, tour turistikoaz, eskulan azokaz, eskalatzaileak parrokiako kanpandorrearen puntara igotzen ikusteaz eta giro apartaz gozatzen. Bai horixe, bejondeizuela!

Gustura ibili nintzen, eta sare sozialen bitartez, hala adierazi diet egunaren antolatzaileei: "Heldua nahiz umea izan, herrikoa ala kanpokoa izan, herrikolore bat gehiago sentiarazi nautelako eta naizelako".

Goizean goiz bizikleta hartu eta Azkoitira joan nintzen, tour turistikoan parte hartzeko asmoz. Parrokia aurrean, esku-orrian adierazita bezala 11:00ak inguruan, Juan Bautista gidari izan genuen bere mikrofono txiki eta aterki dotore eta guzti! Pixkanaka, berrogeitaka lagunekin elkartu ginen, haren ezusterako. Aukera paregabea izan genuen denok, bertatik bertara eta umore onean, Azkoitiko herriaren berri modu interesgarrian eta dibertigarrian jasotzeko. Irribarrerik ez zen falta izan, historiaren eta pasarteen olatuan mendez mende eraman gintuen, banan-banan eta denok batera. Balda jauregian amaitu genuen tourra, eta txalo zaparrada ozenez eskertu genuen emandako aukera.

Eguraldia eta giroa lagun, Plaza Berritik gora, tabernara sartu eta pintxo bat eta garagardo bat jan-edanez eman nion amaiera pertsonala tourrari. Bizikleta hartu eta nire herrira itzuli nintzen. Etxekoei zuzenean lehenengo, eta lagunei ondoren telefonoz, lata ematen hasi nintzen: Azkoitiak eskaintzen zuen aukera ezin zutela galdu, eta ipurdia mugitzeko esan nien.

Horrela, bada, arratsaldez lagunekin eta etxeko txikienekin itzuli nintzen Azkoitira. Batzuek zirko tailerrean parte hartzen zuten bitartean, besteok herrian buelta bat eman eta sormen tailerraren irekiera festan sartu ginen. Bata zein bestea amaitu ondoren, herriko plazan elkartu ginen garagardo baten bueltan. Kontzertuak entzuten ari ginela, zer ikusiko, eta kanpandorrea eskalatzen ari zen lagun bat... Hura zirrara! Plazako doinuen erritmoan luzatu nizkion besoak kanpandorrea konkistatu berri zuen eskalatzaileari, gailurra ospatzeko! Bua, hura bai "momentu itxela"!

Nire herriari so

Iluntzear zela itzuli ginen etxera, neke gustagarri bat itsatsita gorputzean, amets gozo bat izan bagenu bezala. Zorionak eta bejondeizuela, Herrikoloreak egi izan zedin lan ikaragarri txukuna egin duzuen guztioi. Eta noski, zuek ondo esan bezala, eskerrak azkoitiarrei, emandako babes eta esker onagatik. Koloreengatik!

Nire herriari begiratu nion hurrengo egunean, eta nahigabe edo nahita, bi herriak alderatzean hasi nintzen. Eta hauxe galdetzen nion eta diot nire buruari: non dira nire herriko koloreak? Non dira herriari opa beharko genizkiokeen elkarlana, borondatezko jarrera eta ilusioa?

Eredua badugu, eta ez dago aitzakientzat lekurik. Osa dezagun guk ere gure lore sorta, koloreak eta loreak ez baitira falta gurean ere!