Iritzia

Ixteko ordua

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2021ko uzt. 5a, 07:23

Olatx Arangurenek 2021eko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Etxean arrotz sentitu naiz. Egun batetik bestera aldamioak jartzen hasi ziren. Etxeak duen ibairanzko begirada sareak eta aldamioak estalita, itota. Ezertarako baimenik eskatzen ez duten gizonez inguratuta, obrei buruz zerbait jakin nahi izatekotan, gizon taldearen erdian sartu eta galdetu, beste erremediorik gabe.

Goizeko zortzietan tinbreak joz, aurrez etxera zetozenik jakinarazi gabe. Arratsaldeak aurrera egin arte zarata batean, eguerdiko etenaldia salbuespen. Lanean hilabeterik zailenak, klaseen bukaera, lanen zuzenketa, azterketak... Ramadana. Goizeko bost eta erdietan bizilaguna Korana irakurtzen egunero, ahoz gora kantatuz, gehiago ezin nuela eta nire ohe azpia ez zen beste lekuren batean irakurtzea posible ote luken negoziatzera jaitsi nintzen arte. Dena batera.

Hori gutxi ez balitz, bizilagun berak, kanpoko lanak aprobetxatuz, inon baimenik eskatu gabe, komuna berritzea erabaki; lanetik etortzen zenetan, iluntzeko zortzietatik aurrera astegunetan, asteburuetan egun osoz. Etxeak ez ninduela berarekin nahi sentitu dut. Norbere etxean besteen zaratak arrotz bihurtua. Ezin errenditu. Beharrezko patxadarik ezin topatu.

Hitzaren Eskolan Xabi Erkiziaren soinu pieza bat sortzeko baliatu nahi izan nituen soinu horien grabazioak; ezinegona eta mina eragiten zidanetik zerbait sortzailea atera. Komunikazio gabeziari nire ekarpena egiten saiatu. Soinuak grabatzen aritzeak, behintzat, zaratei begiratzeko beste modu bat eraikitzen lagundu ninduen. Baina soinu pieza sortzerakoan Audacityrekin ere arazoak, eta erdibidean geratu zen hura ere.

Aste honetan kendu dituzte aldamioak, langileak gaur agurtu ditut. Eskertu diet egindako lana, nahiz eta komunikazioan hobetzeko asko dagoela pentsatzen jarraitu. Etxearen aurrealdea eta atzealdea, dena konpondu eta margotu dute. Beste etxe bat dirudi. Bukatu da Ramadana. Bukatu dira komuneko obrak. Ez dakit, hala ere, etxeak sentiarazi dizkidan arrotz izatea eta ezinegona joango zaizkidan.

Unibertsitateko saioetan interkulturalitateaz aritzen naiz, kultura guztiak direla aberasgarri. Ikasleekin lantzen dut, bakoitza beretik, elkarrekin eraikitzen aritu behar garela, elkar elikatuz. Praktikan ez da hain erraza. Hizkuntzak, generoak edo erlijioak mugarri izaten jarraitzen dute. Ez gaude komunikazio horizontalean batere trebatuak.

Gatazkak saihesten ikasi dugu. Zertarako ibili txikikerietan? Ahal den bitartean, jasan eta kito. Pasatuko da. Eta lapikoa borborka tapa bota beharrean sentitzen dugunean, orduan hasten gara hitz egiten. Oihuka, purrustadaka, irainduz, elkar joka... hobeto esanda. Gauzak zuzenean unean bertan esatea baino jatea, atzetik aritzea lehenesten duen kultura batek bizi gaitu. Ez dira alferrikakoak izan pasa den mendean bizi izandako gerra, diktadura eta indarkeria adierazpen guztiak.

Gizarte biolento bat osatu dugu. Etengabe hartzen dituzte guri eragiten diguten erabakiak gu kontutan hartu gabe. Etengabe hartzen ditugu erabakiak erabaki horiek eragina dutenei hitz egiteko espaziorik eskaini gabe. Bizi garen garaiak hori du oinarri.

Gatazken inguruan ikertzea izango dut hemendik lau urterako zeregin nagusietako bat, motibazio politikoko indarkeria ardatz hartuta. Ez dakit etxeak utziko ote didan bertan lanean jarraitzen. Eskerrik asko, hala ere, leiho txiki honetatik nire jatorrira, etxera, gerturatzeko eskaini didazuen aukeragatik. Ez adiorik.