Iritzia

25 urtera

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2021ko api. 24a, 09:00

Olatx Arangurenek 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nekazal turismoak, furgonetak, karabanak taxutzen hasiak gara dagoeneko udaberriko oporren peskizan. Ez gaude etxean geldirik geratzeko. Ihes egin nahi diogu lotzen, mugatzen gaituen errealitate egoskorrari.

15-16 urte genituela Batxilergoko bigarren mailan Otok eginarazi zigun ariketa batekin gogoratzen ari naiz egunotan. Idazlan batean geure burua handik 25 urtera irudikatzeko eskatzen zigun. Ez dakit nondik ibiliko den idatzi hura, baina kuriosoa egiten zait neure burua etorkizunean nola irudikatzen nuen oroitzea.

Gaur egunean ere COVID-19 osteko garaiarekin amets egiten dugu; bizpahiru egunetan lorik egin gabe, dantzan igaroko ditugun ordu distiratsuekin gozatu. Etorriko da hori ere; etorritako bide beretik joan.

Ez dugu maite bizi dugunean, hemen eta orain egoterik. Iragan bat edo etorkizun bat irudikatu behar izaten dugu egunean bizi duguna digeritu ahal izateko. Geure baitakoak gara beste erremediorik geratzen ez zaigunean.

15-16 urterekin egindako ariketa hartara itzuliz, orduan ere irudimenak hegan ederki zekiela erakutsi zigun. Harley Davidsonean lanera joanez irudikatu genuen geure burua, Euskadiko selekzioarekin futbol partidak jolastuz, rock talde batean kontzertuak emanez. Etxerakoan letxuga bat erosi eta bi mila pezeta kobratu zizkigutela kexatzen ginen. Urrun geratu ginen etorkizuna irudikatzerakoan. Dirudienez, ez gara Rappel edo Lola pitonisa izateko sortuak.

Iraganean nahiz etorkizunean bilatzen dugu bizi dugunaren proiekzioa. Nahiko erraz uler dezakegu orainaldiak etorkizuna nahi erara sortzeko duen gaitasuna, baina ez hain erraz memoria bizi dugun errealitatearen arabera sortzen goazen konstruktua dela. Sorgin-gurpil berean bueltaka gabiltza, etenik gabe norbere baitatik kanpo, norbere buruak dioenari arreta handiegirik jarri gabe.

Egia, justizia eta erreparazioa aipatzen dira, norberak ordezkatzen duen alderdi politikoak eragindako kaltea izanda ere. Badirudi hitz horiek aditzera ematearekin batera, Panoramixen edabe magikoarekin bezala, datorren guztiari aurre egiteko gai garela, erromatarrak, arerioak egurtuz, KO utziz. Baina hori ote orain artean bizi izan dugunarekin bizitzen jarraitzeko biderik jasangarriena? Bizi izan duguna ondorengoei modu eraikitzailean, sortzailean transmititzeko daukagun modurik egokiena?

Minak, larritasunak bizi izan gaitu, baina argia, lilura, irribarrea ere geuretzat nahi ditugu. Gutako bakoitzaren bizitzak pisu handirik ez zuen kolektibitatearen baitan haziak izan gara. Kalea izan dugu urte batzuetan eskola nagusi. Beti zen gutaz gaindiko eginbeharren bat, menpekotasuna zor zitzaion zerbait. Ez ginen geure baitakoak; bazegoen itzal luzeagoko zerbait beti ere. Ahaleginak, sakrifizioak, besteen onura gurearen aurretik jartzeak merezi zuela uste izan genuen, edo halakorik zalantzan ez jartzen erakutsi ziguten behintzat.

3 urte betetzerako ikusi genuen Tejero 23F-an armak astintzen; 6 bat genituen Pasaiako sarraskian hildakoak udaletxe azpira ekarri zituztenean; 7 bat Endarlatsako ibai bazterraren tristezia etxekoen aurpegietan antzeman genuenean. Zerrendak ez luke amaierarik, baina amaiera jartzeko ordua da.

Irudika ezazue zuen burua hemendik urte batzuetara. Saia gaitezen datorrenari, geure baitakoari onean begiratzen. Ilunetik nahikoa izan dugu. Nik dagoeneko ez dut lanera Harley Davidsonean joango naizenik amesten, baina nork daki?