Hegoak ainguretan

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2020ko aza. 7a, 09:12
(Colin Behrens)

Olatx Arangurenek 2020ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Esperantzak bizi gaitu. Biharkoa hobea izango denaren esperoak. Hobea edo bestelakoa behintzat. Aingura hegodunak abesten zuen Anarik, esperantzara kondenatuak Garik eta itxaropena ez dugula galduko Su ta Garrek. Bizi dugun garaiaren seme-alabak gara. Bizi dugunak egiten gaitu.

"Erortzen bagara ere, amets berriei helduz, gorantz erortzen gara", zioen Anarik. Nahi edo desiratzen dena gertatuko, lortuko denaren ustea; horra itxaropenaren definizio bat.

"Ni banoie", esan zidan izebak egon ginen azkenekoan etsipenez, begirada larriarekin, burua batetik bestera mugituz. Alabaren besotik ari zen paseoan, erori eta beste besoa igeltsuarekin zuela. Eta larritasuna niri barrubarruraino, bera gabeko mundurik ezin irudikatu.

Baserriko sukaldean Ducadosaren eta Fariasaren keak behe laino iraunkorra sortzen zuteneko garaira egin nuen atzera; kafea, pattarra eta xextra bizia nahasten zirenekora. Baina ezin elkar gabe bizi. Elkarren beharra nagusitzen zen beste guztiaren gainetik. Larunbat batean lehengusuren batekin haserretuz gero, hurrengo larunbatean berriro zerotik kontatzen hasteko aukera. Ez dugu tribu bizimodurik ezagutu, baina horren antzeko zerbait behar zuela pentsatu izan dut beti.

Ondoeza nabaria zuen. Banekien azken urteetan borrokan ari zela, txakalaldiak izan bazituela, baina oraingoan ere aurrera egingo zuen esperantza nuen. Guk ere noizbait joan beharko dugula, inork ez dakigula noiz arte gauden hemen eta antzerakoak atera zitzaizkidan. Topikoaren topikoak adorea eman nahian. Ez ote nintzen, sortzen ari zitzaidan zulo beltzaren aurrean, adorea neure buruari eman nahian ari?

Esateko handirik ez zuen behar, aski izan zuen begiradarekin. Aspaldian egoteke ginen. Ezagutu dudan pertsona indartsuenetako bat izan da; jenio bizikoa, gizatasunean eredu. Oraingoan ere garaile uste nuen.

Tribuan azken urteetan ez dugu asmatu elkarri opa diogun maitasuna, goxotasuna beste kontu batzuen gainetik jartzen. Eta min horrek ere bizi erasan du. Bizitza ez da beti erraza. Berea irribarre egitean begietaraino iristen diren zabal horietakoa zen, bizipozez dar-dar eginarazten dutenetakoa.

Berarekin egon berritan norbaitek galdetuz gero esango niokeen ez dela erraza bere burua hiltzear ikusten duenaren aldartea iraultzea. Orain erantzungo nioke ez dagoela hiltzear sentitzen denaren aldartea zertan irauli. Horixe udak utzi didan ikasgaietako bat. Ez dakit, hala ere, berriro antzeko egoeran suertatuz gero, gai ote nintzatekeen aingurei hegoak lotzeko. Ez dakit.

Ez zen geldirik egotekoa, ez isilik geratzekoa. Sukaldean, garbiketan, txerri bodako zereginetan, zaintzan ezagutu genuen. Erretolikan hasitakoan nahikoa zen bera bakarrik sukaldeko gizonak telebistaren aurretik lanera bidaltzeko, "ez da giro" esanez. Halakoetan ere nahikoa izaten zuen keinu txiki bat irribarreari ihes egiten uzteko. Hegoak zabaldu nahi, zabaldu ezin direnean ere.

Barruan daramagu. Gorputza hegotik iparrera zeharkatzen digu. Iluntasunean argia egiteko, ikusteko beharra sentitzen dugu horretarako tarte handirik ez denean ere. Pandemiak geure buruak aberasteko behar du, ezin du alferrikakoa izan. Zentzu bat behar du, zerbaitetarako onuragarria izan, etekina atera. Halako jendartean gara. Eta esperantzak bizi gaitu. Ez adiorik.