Ekaina

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2020ko eka. 25a, 10:42
(Itziar Aranguren)

Olatx Arangurenek 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Berrogeita bi urte ekarriko ditu ekainak aurten. Orduan ere irteteko irrikaz omen. Amak 19 urte zituen. Amamak 42. Amama txikiak ez dakit zenbat zituen, baina koskortu artean ezagutzeko parada izan nuen.

Emakume indartsuz inguratuta hazi gara. Indartsu izan beste erremediorik ez zuten izan, beharbada. Besteentzat lanean, zaintzan pasatu duen belaunaldia da beraiena. Emakumearen balioa emazte on bat izatearen araberakoa zen. Ez zeukan garrantzi handirik eskolako edukiez jabetzeak. Emakumeen garunak ez zeudela irudikapen tridimentsionaletarako gaituta baieztatu zuten Bauhaus bertan ere. Emakumeentzat egokiagoak zirela oihalgintza eta antzeko zeregin bidimentsionalak. Ez zuten etsi. Artelan berritzaileak sortu zituzten oihalgintzan ere. Muturreraino eramanez gainditu zuten muga.

Toki gehienetan eskolara joatea baino garrantzitsuagoa zen emazte on bat izaten ikastea. Horretarako "praktikak" egitera bidaltzen zituzten ezkontzeko zorian zeuden neskak jatetxe ezagunetara, gizonarentzat sukaldean ikas zezaten. Frankismoak aurrera egin ahala derrigorrezko formakuntza saioak eskaintzen ziren neskentzat, janaria prestatzeko errezetak, haurren behar izanak... ikasten joan zitezen. Amak formakuntza horietarako egindako liburuxkak hartzen nituen jolaserako txikitan. Gaztelania hutsean zeuden. Gaur egungo ikuspegitik irakurtzekoak dira bertan islatuta dauden frankismoaren zipriztinak; zientziaren garrantzia aldarrikatu nahi den garai hauetan, ezjakintasun sinesgaitza oinarri duen gizartea dugu gaur egungoa oraindik ere.

Mugak jarri izan dizkigute edo zenbaitetan geure buruari ere jarri izan dizkiogu. Emakume izatea ez zaigu barkatu. Jaiotako une beretik jarraitu beharreko bidea ongi zehaztuta eman nahi izan digute. Ezkontzea, haurrak izatea. "Inurri abegitsuak izan gaitezen", zioen Pilar Primo de Riverak. Eta otzan orduan ere.

Berriz halakorik ez bizitzea

"Emazte onaren gida. Zure senarra zoriontsu mantentzeko 11 arau. Izan zaitez berak beti amestu izan duen emaztea", zioen Falangearen sekzio femeninoak argitaratutako Guía de la esposa perfecta izenekoak. "Izan janari goxoa prest bera lanetik etortzen denerako, ahal bada bere jatekorik gogokoena. Eskaini zeure burua berari zapatak kentzeko. Tonu apal, goxo eta lasaian hitz egin ezazu. Jar zaitez eder berarentzat. Bere lan egun gogorrak animo pixka bat beharko du eta zure zereginetako bat ematea da. Bere erosotasunagatik kezkatzeak gogobetetze pertsonal ikaragarria sortuko dizu. Edozer zarata murriztu ezazu. Bera iristen denean, kendu garbigailua edo xurgagailua. Irribarre goxoz agurtu ezazu eta erakutsi bere nahiak betetzeko zure borondatea. Entzun, utziozu berari hitz egiten lehenengo; gogoratu bere hizketa gaiak zureak baino garrantzitsuagoak direla. Berandu iristen bada, zu gabe afaltzera edo ongi pasatzera ateratzen bada, inoiz ez kexatu. Alderantziz, saiatu bere tentsio eta estres mundua nahiz behar errealak ulertzen. Saiatu zaitez, eserleku eroso batean gustura egon dadin. Prest izan berarentzat edari hotz edo bero bat. Ez eskatu bere jarduera, zeregin edo iritziengatik azalpenik. Gogoratu bera dela etxeko jauna".

Gauzak aldatu direla esango didazue. Belaunaldi berriek ez dutela halakorik bizi izan eta bizi izango. Mingarria egiten da Falangeko sekzio femeninoak esandakoak gure azalean zizelkatuta daramatzagula ikustea; bizi izan dugunak jatorria non duen ikustea. Eta ez ote gara, aldatuta bada ere, patroi berdinak errepikatzen arituko. Guzti hau bere gorputzetan bizi izan zutenei, datozen belaunaldi berriei berriro ere halakorik ez bizi izatea zor diegu. Eskerrik asko, ama!