Familia kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2019ko urr. 28a, 10:05

Olatx Aranguren kolaboratzaile berriak 2019ko urriko Uztarria aldizkarian idatzi du bere lehen iritzi artikulua. Honako hau, hain zuzen.

Igaro berri den Donostiako Zinemaldian Izibene Oñederraren Lur saguak film laburra estreinatu da. Bertan gutako askok bizi izandako baserri giroa erakusten zaigu gordin; aldika bizi izandako giro itogarri hura bizirik dagoela, taupadaka gure barrunbeetan.

Barruan daramat baserri mundua eta ez ditut ahazteko han bizi izandakoak, han ikasitakoak. Baina distantzia hartzen joan garen heinean, ez dakit ez ote garen baserriaren inguruan mundu bukoliko idealizatua eraikiz joan, idealizazioa euskalduntasunaren oinarri bihurtzeraino.

Idealizazio horretan, ordea, gustuko ez ditugunak izan badirela ahaztu dugu. Lurrari lotuak jarraitzen dugu, baina lurrak bizipen deserosoak ere badakarzkigu. Ez da aztarrika gehiegi jardun behar lanean lehertutako gorputzekin, makurrean ezin altxatutako gerriekin, makilek nahiz gerrikoek ubeldutako azalekin edo erditzearen erditzeaz ahituta hiltzen utzi diren emazteekin topo egiteko. Odolean ditugu borborka. Baina guzti horren monopolioa ez da baserri munduarena izan. Kalean ere izan dira etxeko nagusiak nahi erara ibilitako neskameak; arrazoi desberdinengatik atzeratuak, bazterrekoak, inork ikusi ez beharrekoak, lau pareten artean bizitzera kondenatutakoak.

Emakume transgresoreak dira filmeko pertsonaia nagusiak, gizonen munduan luzez isilean, ilunean egon diren guzti horiek, deseroso bizi izan direnak, zegoenarekin haustea erabaki dutenak; eta horiek nola zaizkigun konplize ageri da arrakalak azalarazteko bidean, bizitzen dugunari zentzua ematean, egunerokoan.

Aukeratutako bidaideak

Bestetik, Jose Luis Otamendi disoluzioaz hizketan telebistan, gure bizitzaren oinarriak izan direnak dardarka somatzeaz, gainbehera nahiz eraberritzea dituela kontzeptuak bere baitan azpimarratuz; poesiak geure buruaren aurrean jarri baina kolektiboki konpartitzeko leku bat ere eskaintzen digula plazaratuz.

Azkenik, Hirokazu Koreedaren Familia kontu bat (2018), Ongarrikoek –Elgoibarko zinekluba– Iñaki Agirre zenaren omenez sortutako zinemaldian eskaini duten filmetako bat. Koreedak familia norberak aukeratutakoan sortzen diren loturak sendoagoak ez ote diren galdetzen digu, goxotasunez, samur. Bizi ahal izateko lapurretan egiten duen familia bat agertzen zaigu bertan, odol loturarik gabea, maitasuna oinarri duena egunerokotasun gogorraren gainetik, jatorrizko familiarekin ezin izan dituzten lokarriak eraikiz.

Gurean ez da hain erraza familia aukeratzea. Kuadrillak, lagunarteak bete dezake funtzio hori nerabezaroan. Txikitatik hazten eta hezten gara osaba-izebek, lehengusu-lehengusinek, aiton-amonek eta abarrek osatutako klanean. Batzuk besteak baino maiteago gordetzen ditugu oroitzapenetan. Memoria zulatuaren ajeak. Bizitzaren eraman-ekarrietan bidean urruntzen zaizkigu batzuetan, egoerak zaildu egiten dira, urteetan pilatuz joandako minak eztanda egiten du gorputz hauskorretan. Dirdira desberdinek ordura arte ezkutuan izandako bulkadak azalarazten dituzte sarritan eta ez da erraza hondoratze horretan lehorrera lagunduko zaituen heldulekua topatzea.

Etxetik gehiegi urrundu gabe, asteburu bakarrean plazerez gozatu ditudan hiru ekarpen, arrakalak azalarazten bidean lagun sentitzen ditudanak, hondoratzeetarako heldulekua eskaintzen didatenak, inguruan izateko aukeratutako bidaideak.

Ez da ariketa erraza distantzia hartutako jaioterrira, jendartera leiho txiki honen bidez itzultzea. Bizitzak erronkak eskaintzen dizkigu eta batzuetan kostatu egiten da aurrean dugunari neurria hartzea, beldurrak menderatzea. Konfiantza, lasaitasuna izan behar; kontatu nahi dena hor dagoela, ezpalez ezpal, enborretik aterako dela, hori maneiatzeko kontrolik ez izan arren. Hauxe nire buruari jarritako erronka, gozagarri izango zaizuelakoan.